Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, erabiltzaileek
«oso ondo» nota jarri diete Bizkaiko hondartzei. Bisitari kopurua ere urtez urte hazten doala esan dute. Hala, aurten 3,5 milioi bisita erregistratu dituzte. «Iazko datuekin alderatuta, aurten %44,64 bisitari gehiago zenbatu dira. Datu hori azken lau urteetako kopururik handiena da». Erabiltzaileek
ondoen baloratu dutena hondartzetako segurtasuna da; arlo horretan «bikain» nota (8,72) jaso dute hondartzek.
Orokorrean,
10etik 7,8ko nota jaso dute hondartzek, iazko nota bera. Notarik altuenak Plentziako eta Gorlizko hondartzek jaso dituzte, 9,08 eta 9,02 hurrenez hurren.
Segurtasunaren baitan, Istripuak Prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuak jaso du notarik altuena (9,76). Alor horretan notarik baxuena lortu duen hondartza Muskizko La Arena izan da (8,20).
Bainurako segurtasunak 9,58ko nota jaso du, sorosleen tratuak eta adeitasunak 8,43 eta hondartzainen eraginkortasunak 8,28.
Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua, datuak aurkezten. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Garbiketaren balorazioa. Segurtasunaren ostean, erabiltzaileek ondoen baloratzen duten alderdia garbiketa da (7,69). Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuaren berbetan, garbiketaren barruan, ondoen baloratzen diren alderdiak dira freskagarrien laten eta hondakin artifizialen laten garbiketa (8,82), paperontziak eta edukiontziak eskura egotea (7,99), hondartzen garbiketa egoera (7,95) eta hondartzaren kontserbazioa (7,94).
Unzuetak erabiltzaileek egindako
balorazioa «oso positiboa» dela esan du, «bai
kuantitatiboki eta baita ere kualitatiboki». Halaber, erabiltzaileek kalifikazioak kontuan hartuta, hondartzak kudeatzeko «sistema ona» daukatela gaineratu du. «Urtez urte hondartzetan zerbitzuak emateko egiten den lanak eta erabiltzen diren bitartekoak emaitzak onak ematen jarraitzen dute».
Datuak ona badira ere,
oraindik hobetu behar diren alderdiak daudela gaineratu du. «Orain arte egin modura, lortutako maila mantentzeko eta hobetzeko ahalegin guztiak egiten jarraituko dugu».