Bederatzi probalari ariko dira zein baino zein gehiago,
Ispasterko 33. Zaldi-Mando Proben Sariketan.
Bihar egingo dute lehen saioa, barikuan bigarrena, eta domekan argituko da zein den aurtengo txapelduna. Lehen bi demak gauez egingo dituzte, eta azken egunean, berriz, arratsaldean.
Bihar gaueko parte hartzaile
guztiak Lea-Artibaikoak izango dira. Aulestiko Juan Uriarteren, Etxebarriko Adorrixa Anaien eta Markina-Xemeingo Patxua Tabernako zaldien ikuskizuna egongo da frontoi barruko probalekuan.
Bariku gauean, aldiz, Durangoko Rasse Denda, Mañuko Erauzkin eta Azkoitiko Txibilter lehiatuko dira. Domeka arratsaldeko saioan, Koba Aulestiarraren zaldiagaz batera, Maumeko Baraiazarrarenarena eta Bilboko Kocco Dendako ordezkariarenarena ariko dira deman.
Ispasterko harriagaz lehiatuko dituzte probak, eta saio guztiak Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundearen ordezkariek kontrolatuko dituzte. Hain zuzen ere, abereen oinarrizko pisua
400 kilotan ezarri dute, eta saio bakoitza hasi baino ordubete lehenago pisatuko dituzte.
Sariak. Txapelketan lehenengo zortzi sailkatuak sarituko dituzte, eta saririk jaso gabe gelditzen den probalariren batek irabazlearen markaren %70 eginez gero, 300 euro jasoko lituzke. Gainera, eskualdeko lehenengo hiru sailkatuentzat ere sariak egongo dira.
Irabazleak manta eta txapelagaz batera,
750 euro jasoko ditu eta txapeldunordeak 650 euro. Hirugarren geratzen denak 575 euro irabaziko ditu.
Eskualdeko onenarentzat, berriz, 120 euroko diru saria egongo da. Bigarren sailkatuak 100 euro jasoko ditu, eta hirugarrenak 90 euro.
33. Zaldi-Mando Proben Sariketa:
- URRIAK 11, EGUENA (21:00)
-Juan Uriarte (Aulesti)
-Adorrixa Anaiak (Etxebarria)
-Patxua Taberna (Markina-Xemein)
- URRIAK 12, BARIKUA (21:00)
-Txibilter (Azkoitia)
-Erauzkin (Mañu)
-Rasse Denda (Durango)
- URRIAK 14, DOMEKA (18:00)
-Baraiazarra (Maume)
-Koba (Aulesti)
-Kocco Denda (Bilbo)