Inoizko erabiltzaile gehien eduki ditu aurten eskualdeko Gababus zerbitzuak
14 eta 29 urte bitarteko gazteek eskualdeko herriko jaietara autobusez joan-etorriak egin ahal izateko Gababus zerbitzuak markak hausten jarraitzen du. Izan ere, urtez urte erabiltzaileak gehitzen joan dira, eta aurten 5.000 bat erabiltzaile eduki ditu.
Zerbitzua 2013. urtetik dago martxan. Lehen urte hartan, 1.533 herritarrek erabili zuten Gababusa. Lea-Artibaiko Amankomunazgoak eta Lea Ibarra Udal Mankomunazgoak elkarlanean bultzatutako ekimena da, eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari esker, aurten ere zerbitzua martxan egon da.
Hain zuzen, Berriatuko San Gregorio jaietan jarri zuten martxan, eta Aulestiko Santa Eufemi jaien kontzertu gauean eman zuten azken zerbitzua.
Udal guztiak. Eskualdeko hamabi udalekin batera eskaintzen dute Gababus zerbitzua: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar.
Gazteek eskualdeko jai garrantzitsuetara modu seguruan joan-etorria egiteko aukera bermatzea da helburu nagusia, “gertatu daitezkeen istripu edo ezbeharrak ekiditeko onena aurreikuspenak egitea delakoan”.
Lea-Artibaiko Amankomunazgoarentzat garrantzitsuak dira Gaztedi planaren baitan martxan jartzen diren ekintza guztiak, tartean Gababusarena: “Eskualdeko jaiak bultzatu eta gazteei etxera bueltatzeko garraio alternatibo seguru bat eskaintzen diogu zerbitzu honen bitartez”, azaldu du Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoaren presidenteak. Ordutegi zabala duenez, adin guztietako gazteentzako aukerak eskaintzen dituela gaineratu du.
Orain arte modura, aurrerantzean ere, gazteen heziketan esanguratsuak diren arloetan lanean jarraituko dutela esan du Eluk. “Garrantzitsua da gazteriaren etorkizunari eta bizi ohiturei buruz hausnartzea, beraiek izango direlako etorkizunean Lea-Artibain biziko direnak”.