Lekeitioko Udalak eta
Musikaia musika eskolak lankidetzarako hitzarmena sinatu dute. Akordio honen bidez, Lekeitioko Gaztegunean edukiko du egoitza
Musikaiak, eta
gazteei zuzendutako aisialdi zerbitzuagaz bat egingo du bertan. Bizikidetza posible dela eta ekintza biak bateragarriak direla ikusi dute. Hemendik aurrera, beraz, asteko zazpi egunetan egongo da martxan Gaztegunea. Horrela, urritik maiatzera bitarteko zapatu eta domeketan gazteen aisialdirako gune izaten jarraituko du eta oporretan ere ohiko zerbitzua emango dute. Bestalde, iraila eta ekaina bitartean, musika eskola ere izango da, astelehenetik zapatu goizera arteko ordutegian.
Gaztegunean prestatu dituzten Musika emateko gelak.
Oihana Etxabe Musikaia musika eskolako zuzendariak “pozik eta esker oneko” daudela azpimarratu du. “Lehenengo eta behin eskerrak eman nahi dizkiet Lekeitioko Udalari, kultur etxeko langileei, Eskola Publikoari eta bertako irakasleei bai eta Nautikan egon diren kultur talde denei ere. Urte guzti hauetan gelak partekatzen egon gara eta bandak instrumentuak ere utzi dizkigu eta eduki duten jasankortasuna eskertzekoa da”.
Gaztegunea ekimen bietara egokitzeko Lekeitioko Udalak
obra batzuk egin ditu ekainean eta uztailean. Terraza bat itxi eta gela bat eratu dute besteak beste. Ondorioz, irailaren 3an hasi zuen Musikaiak lekualdaketa eta irailaren 17an hasi ziren klaseak ematen Gaztegunean. “Ia Musikaia guztia gaude orain toki berrian, hala ere, pare bat ikasgai oraindik Nautikan gelditu behar izan dira momentuz den denontzako lekurik ez daukagulako”, azaldu du Oihana Etxabek. Hala, Nautikan gelditu dira tronboia, tronpeta, bonbardinoa eta banda txiki, eta Udalak Gaztegunea egokitzeko egingo duen bigarren ekinaldian guztiak Gaztegunean elkartzea espero dute. “Bigarren fasean erdiko solairuan gelak ateratzeko asmoa dauka udalak”, aitatu du Musikaiako zuzendariak. Gaur egun espazio zabal bat dago erdiko solairuan eta gelak ateratakoan denak Gaztegunera etorriko direla baieztatu du Etxabek.
Ikasturte honetan guztira,
340 ikasle edukiko ditu Musikaiak, eta 11 irakasle. 2014an sortu zenetik hazkunde nabarmena eduki du; 80 ikasle zeuden orduan. “Proiektu ezberdinak sortzen ere saiatu gara rock taldea, koru ezberdinak, pandero taldea… bai eta era guztietako kontzertuak eskaintzen ere. Gure izaera sendotzeko leku bat behar genuen, eta orain badaukagu”.
Gazteguneko erdiko solairuan dagoen gela zabala.
Ume eta gazteez gain heldu askok ere musika eskolan parte hartzeko pausoa eman dutela nabarmendu du zuzendariak. “Danbada handia eman dio koruak. Erretiratuak ere baditugu koruan bai eta musika tresnak ikasten ere. Parte hartzeko grina piztu zaie askori, ilusioa eta gogoa badago musika ikasteko inoiz ez dela berandu ikusi dute”.
Gazteen aisialdia. Bestalde, Lekeitioko aisialdi eskaintza handitzeko helburuagaz, joan den asteburuan [urriak 6] jarri zuten martxan berriz ere, Gaztegune zerbitzua. Udalak jaitera eman zuenez, beti bezala, ume zein gazteek astero hainbat ekintza eta jolas edukiko dituzte bertan.
6 eta 16 urte arteko ume eta gazteak edukiko dute lekua Gaztegunean: 6-8 urte bitarteko umeak, zapatu eta domekan 17:30etatik 19:30tara bitartean egon ahalko dira kidegunean; 9-11 urte bitartekoek aldiz, zapatuetan 18:00etatik 21:00etara eta domeketan 18:00etatik 20:00etara eta 12-16 urte bitarteko gazteak, zapatuetan 19:00etatik 22:00etara eta domeketan 18:00etatik 20:30etara izango dute gaztegunea zabalik.