Euskal sukaldaritza erakustaldia egingo dute Mutrikuko Merkatu Txikian
Hilero egin modura, Merkatu Txikia egingo dute zapatuan [urriak 13], 09:00etatik 14:00etara, Beheko Plazan.
Merkatu Txikiaren baitan tailer ezberdinak egiten dituzte beti, eta oraingoan, Yolanda Egurbide herritarrak Thermomix etxetresna elektrikoaren erakustaldia egingo du; Egurbideren erakustaldia 11:30ean hasiko da.
Zehatz esateko, baserriko produktuak erabiliz euskal sukaldaritzako errezeta bat prestatuko du Egurbidek. Aurreratu dutenez, herritarrek sukaldatutakoa dastatzeko aukera edukiko dute.
Ikastolaren kamisetak. Merkatuan ondoko ekoizleek parte hartuko dute: Ibiri, Antia eta Ekoalboraz baserrietako arduradunak, Ondare, Iratxe loradenda eta Goienetxe.
Zapatuan, gainera, Goizeko Izarra ikastolaren 50. urteurreneko kamisetak erosteko aukera ere egongo da. «Haur eta helduentzako kamisetak egongo dira, eta horien salmetatik ateratako diruarekin ikastolaren urteurrena ospatzeko egingo diren ekimenak finantzatuko dira».
Azken azoka, azaroan. Hilero modura, biharko azokan zer edo zer erosten duten herritarrek 50 euroko balioa daukan otzara baten zozketan parte hartuko dute; erosketa bat egiterakoan, ekoizleek txartela emango diote bezero bakoitzari. Zozketa 14:00etan egingo da.
Hurrengo Merkatu Txikia azaroaren 10ean egingo dela aurreratu dute. «Azarokoa urteko azken azoka izango da. Izan ere, abenduan San Tomaseko azoka egingo da».