IV. Kinttopeko zaldi-mando txapelketa, Aulestin
Domekan [urriak 21] eta astelehenean [urriak 22] lehiatuko da Aulestin IV. Kinttopeko Zaldi-Mando Txapelketa. Domekako saioa 18:00etan hasiko da, eta ondokoek parte hartuko dute: Aurrekoetxea anaiak (Bermeo), Nabarniz jatetxea (Nabarniz) eta Fermin Santamaria (Guriezo). Asteleheneko saioa, ostera, 21:00etan hasiko da, eta ondokoek parte hartuko dute: Talaia jatetxea (Zumaia) eta Motrollo (Munitibar).
Sariak. Guztira bost sari banatuko dituzte: 650 euro eta Ilunzar tabernak emandako manta, 550 euro, 500 euro, 450 euro eta 400 euro.
Txapelketan Aulestiko Harri barria erabiliko da (950 kilo), 100 kiloko gainkargagaz. Abereen oinarrizko pisua 450 kilokoa izango dela esan dute. “Abereak gehiago pisatzen baduk, kilo bakoitzeko kiloko gainkarga ipiniko zaio”. Pisaketa saioa proba hasi baino ordubete lehenago egingo da.