Bitik bi garaipen ligan
Lointek Gernika Bizkaiak Dia Ligako etxeko lehenengo partidua irabazi du. Bi luzapenen ostean, 69-66 nagusitu zaio Valencia Basketi. Domekan Extremaduran lehiatuko du 3. jardunaldiaDenboraldia bikain hasi du Lointekek. Dia Ligaren lehen bi jardunaldiet...
Lointek Gernika Bizkaiak Dia Ligako etxeko lehenengo partidua irabazi du. Bi luzapenen ostean, 69-66 nagusitu zaio Valencia Basketi. Domekan Extremaduran lehiatuko du 3. jardunaldia
Denboraldia bikain hasi du Lointekek. Dia Ligaren lehen bi jardunaldietan nagusitu da, eta Eurokoparako Taldekako Faserako txartela ere eskuratu du. Aurreko astean lehiatutako hiru partiduak irabazi zituen (bi Eurokopakoak eta bestea ligako lehen neurketa), eta eguazten iluntzean lortu zuen laugarren garaipena, Malosten. Valencia Basket talde 69-66 garaitu zuen.Bi luzapenen ostean lortu zuen garaipena. 50 minutuek askotarako eman zuten, eta zaleek bultzada itzela eman zieten jokalariei, gehien behar izan zuten momentuetan.
Gwathmeyek Malosten debutatu, eta markagailua inauguratu zuen. Vanderwalen hirukoa etorri zen gero (5-0). Valenciak markagailua berdindu zuen. Hurrengo minutuetan bi entrenatzaileek aldaketak egin zituzten. Hala, puntu bakarreko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena: 12-11. Bi taldeak batez ere defentsan nabarmendu ziren.
Etxeko taldeak aurrea hartzen, baloia ukitzen eta aurkaria deseroso jartzen zein ondo dakien erakutsi zuen. Bigarren laurdenaren lehen lau minutu eta erdian 5-8ko partziala lortu zuten valentziarrek. Ondorioz, Lopezek hutsartea eskatu zuen.
25-26ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira, eta bueltan borrokak jarraitu zuen, eta lau puntuko aldeagaz heldu ziren azken txanpara. Bazekiten ez zela amaiera erraza izango. Valencia Basketek hainbat saskiratzetan huts egin zuen, eta Lointek, ostera, jaurtiketak ondo aukeratzen eta bat baten kontrako jokaldietan maisutasunez aritu zen. Azken minutuak adrenalinaz beterikoak izan ziren. 51na puntugaz zeudenez, lehen luzapena heldu zen.
Luzapeneko lehen jokaldian etxeko taldeak lortu zituen lehen bi saskiratzeak. Defentsa sendoa erakutsi zuen, garaipena bermatzeko asmoz. Lointekek egoera hobeto irakurri zuen, baina jaurtiketa libreek etxekoak zigortu zituzten. Lehia amaitzeko minutu bakarraren faltan, markagailua berdindu zuten aurkariek. Bi taldeek huts egiteak egin zituzten, eta 59nako berdinketagaz bigarren luzapenera joan ziren. Saskiratzea nahi baino gehiago kostatu zitzaien etxekoei, eta Malosten ondo ezagutzen duten Pinaren bila zebiltzan valentziarrak. Gomezen bi jaurtiketa libreek puntu bateko errenta eman zieten valentziarrei (65-66). Orduan, Gwathmeyek lau puntu jarraian lortu zituen.
Caceresen bisitari
Ligaren 3. jardunaldia Caceresen lehiatuko dute etzi, Nissan Al-Qazeres Extremaduraren kantxan (12:00). Sailkapeneko lehen postuetan bost talde 4na puntugaz berdinduta daude. Lointek hirugarren dago.