Zigorren luzapenekin amaitzea eskatzeko elkarretaratzea egingo dute Lekeition
Giza eskubideen Europako Auzitegiak, bihar [urriak 23] euskal presoen zigorren batuketaren inguruko ebazpena emango du. Hori dela eta, Orain Presoak dinamikak deituta elkarretaratzea egingo da 19:30ean, Lekeitioko Eskolapean, “Europari aldeko ebazpena ematea exijitu eta Espainiako estatuari helegiterik ez sartzea eskatzeko”.
Europako araudiaren arabera, europako beste estatuetan aurrez betetzen diren zigorrak kontutan hartu behar dira, eta zigor batuketa hori aplikatuz gero, zenbait euskal preso kalean beharko lukete. Espainian hartutako erabakiak Europako araudiarekin bat ez datozela-eta, helegiteak aurkeztu dituzte hainbat presok; guztira, 40 helegite inguru.
Santiago Arrozpide Sarasola, Kepa Pikabea, Francisco Mujika Garmendia eta Alberto Plazaolak aurkeztutako helegiteen inguruko ebazpena egingo da publiko bihar. Azaldu dutenez, kasu horietan, preso hauek Frantziako estatuan zigortuak izan ziren, bertan bete zuten zigorra eta Espainiara estraditatuak izatean, Espainiak ez zuen Frantziakoa kontuan hartu eta Espainian berriro zigorra betetzera derrigortuak izan dira.