Abian da Markina-Xemein eta Etxebarria lotuko dituen saihesbidearen proiektua
Hamabost hilabeteko epean proiektua eginda egongo dela azaldu du Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. Lea-Artibaiko konektibitateak «lehentasun osoa» daukala gaineratu duUnai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Etxebarrira egindako bisitan jak...
Hamabost hilabeteko epean proiektua eginda egongo dela azaldu du Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. Lea-Artibaiko konektibitateak «lehentasun osoa» daukala gaineratu du
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Etxebarrira egindako bisitan jakinarazi zuenez, aldundiak abian jarri ditu Etxebarria eta Markina-Xemein arteko saihesbide proiektua egiteko izapide guztiak. Irailean proiektuaren idazketaren esleipena egin zuten, eta orain, proiektua egiteko ardura daukan enpresak hamabost hilabeteko epean egingo duela azaldu du.Rementeriak gaineratu du Lea-Artibai industria eskualde garrantzitsua dela, eta, ondorioz, aldundiarentzako eskualdeko konektibitatearen gaiak «lehentasun osoa» daukala. «Konektibitateak asko kezkatzen gaitu, eta horregatik aldundiak 2,4 milioi euro inbertitu ditu Etxebarriko BI-2636 errepideko hobekuntza lanetan». Lan horiek egin eta gero, orain, Etxebarria eta Markina-Xemein lotuko dituen saihesbidea egitea falta dela dio. «Gaur egun milaka ibilgailu pasatzen dira Markina-Xemeingo herrigunetik. Saihesbidea egiten denean, ostera, horiek guztiak ez dira pasako». Rementeriak zehaztu duenez, gaur egun 3.900 ibilgailu pasatzen dira Etxebarria eta Markina-Xemein lotzen dituen bidetik; ibilgailuen %8,7 ibilgailu astunak direla azpimarratu zuen. «Saihesbidea egiten denean, Markina-Xemeingo herriguneko zirkulazioa arinduko da, eta ondorioz, Markina-Xemeingo bide segurtasuna eta hango biztanleen bizi kalitatea hobetuko dira».
BI-633, atzerapenagaz
Bi herriak lotuko dituen saihesbidearen proiektua 400.000 eurotan esleitu du aldundiak. Zehatz esateko, saihesbideak lehenagotik eginda dagoen bidea osatuko du. Hau da, Markina-Xemeingo Iturreta auzoan hasiko da bide berria, eta Markina-Xemeingo herrigunea hegoaldetik inguratuko du. «Aulesti eta Markina-Xemein lotzen dituen bidegurutzean amaituko da (BI-3448)». Hala, bide berriak Durangotik Ondarroara doan bideagaz bat egingo du.
Bestalde, aldundiak laster esleituko ditu Urberuagatik Berriaturainoko errepideko lanak ere. Markina-Xemeingo Urberuaga auzotik Berriatura arteko errepideko (BI-633) hobekuntza lanak atzerapenagaz doaz. Markina-Xemeindik Urberuagara arteko lanak egin eta gero, bigarren faseko lanak udaberrian hasi behar ziren, baina proiektua atzeratu egin zen. Orain, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman du lanen esleipena laster egingo dutela.
Obra horren bidez, errepideko estandarrak egokitu nahi dituzte. Errepidearen zabalerak egokituko dituzte, zirkulazioa zailtzen du eta. Are gehiago, ibilgailu astunen arteko gurutzaketak eragozten dituen gutxieneko erratioetako ibilbidea gainditzea lortuko da. Errepideak egunero 7.000 ibilgailu inguruko zirkulazio dentsitateari eusten dio.