Emakume Master Cup Txapelketatik kanpo geratu da Olatz Beitia
Espero modura, bigarren jardunaldiak zorroztasun maila handia eskatu die Emakume Master Cup txapelketako pilotariei, eta jokatutako hamabost hirukoetako lehenek baino ez dute aurrera egin. Promozio mailako hirukoa Maddi De abajo larrabetzuarraren eta Uxue Oses oñatiarraren kontra jokatu zuen Olatz Beitia lekeitiarrak, eta De abajori 18-12 irabazi bazion ere, ez zuen Oses gainditzea lortu. Oñatiarrak 4-18 eta 18-5 irabazi zuen, nagusitasunez.
45 pilotarik jokatu dute asteburuan Lau t’ erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren bigarren jardunaldia Abadiñoko Zelaietako eta Matienako pilotalekuetan. Kanpoan negu gorriko eguraldia zegoen arren, giro goxoa nagusitu dela azaldu dute antolatzaileek, “eta gerturatutako pilotazaleek ikuskizun eder batez gozatu ahal izan dute”.
Pilotari bakoitzaren ahalegina garrantzitsua dela esan dute; hala ere, atzoko jardunaldiko pilotaririk nabarmenena Dimako Amaia Aldai izan dela zehaztu dute. “Joko bikaina erakutsiz, Ainhoa Urien faboritoa lehiaketatik kanpo utzi du”. Era berean, 66 urtegaz, Reyes Azkoitiak hurrengo kanporaketarako sailkatzea lortu duela ere nabarmendu dute. Bestalde, Daniela Vargas mexikarra eta Andrea Capellan, garai batean Aspeko pilotari profesionala izan zen Miguel Capellanen alaba, txapelketatik kanpo geratu dira.
Hurrengo kanporaketa datorren domekan [azaroak 4] izango da, Gordexolako pilotalekuan, 10.30etatik aurrera.