2.300 lekeitiarrek erabili dute araututako aparkaleku zerbitzua
Lekeitioko Udalak herritarrentzat araututako aparkaleku zerbitzuak 2.306 erabiltzaile izan ditu aurten. 2017an zerbitzu horren baimena lortu zutenen %86k errepikatu egin duela jakitera eman du udalak, eta 766 baimen berri banatu dituzte.
Iaz edukitako harrera ona kontuan hartuta, herritarrentzako aparkaleku gehiago bereizi ditu udalak aurtengo udan. «Gune berrietan sortu diren 132 aparkalekuekin, guztira, Lekeition, 370 aparkaleku egon dira herritarrentzat». Ekainaren 1ean hasi zen aparkaleku zerbitzua martxan, eta irailaren 30era arte iraun du.
Joera desberdinak. Bost izan dira Lekeitioko Udalak aparkaleku zerbitzu berezia eskaintzeko egokitu dituen guneak, eta egin dieten jarraipenaren arabera, Agirre Solarte, Zumatzeta eta San Antolin auzoko guneetako okupazioa altua izan dela jakinarazi dute. «Beraz, izan daiteke hurrengo urtera begira aparkaleku kopurua handitzea». Aldamiz Etxebarria eta Latraukuako gune berrietan aldiz, aparkatzeko arazorik ez da egon, eta orduaren arabera lekua bilatzea erreza izan da.
Udalak azaldu duenez, aurtengo gabezia eta behar ezberdinak kontuan hartuko dituzte 2019rako, eta aurten ateratako txartelak 2019ko udarako ere balio dutela gogora ekarri dute. Beraz, aurten txartela atera duten herritarrek ez dute ezelako izapiderik egin beharko.