Berriatua mendi publikoak berreskuratzen hasi da
Lurren erosketa publikoari ekiteko neurriak martxan ipini dituen lehen udalerrietako bat da Berriatua. Aurrekontutik 10.000 euro bideratu dituzte mendi lurrak erosteraOrain arte Bizkaiko Foru Aldundiaren esku egon da mendi publikoen kudeaketa. Eta EH B...
Lurren erosketa publikoari ekiteko neurriak martxan ipini dituen lehen udalerrietako bat da Berriatua. Aurrekontutik 10.000 euro bideratu dituzte mendi lurrak erostera
Orain arte Bizkaiko Foru Aldundiaren esku egon da mendi publikoen kudeaketa. Eta EH Bilduk esan duenez, alor horretan EAJ «arduragabekeriaz» jokatzen ari da. «Lurraldea zuhaitz ahulez josita dago, eta horregatik sartu dira gaixotasunak horren erraz». Hori iritzita, EH Bildu agintean dagoen udalerrietan lurren erosketa publikoari ekiteko neurriak martxan ipini dituzte. Berriatua da lehen urratsak eman dituen udaletako bat. Aurrekontutik 10.000 euro bideratu dituzte mendi lurrak erosteko.«Orain arte, zeukaten baliabide eskasengatik, mendi publikoetan planifikazioa eta kudeaketa aldundiaren esku utzi izan dute udalek». Egoera hori bereziki lur eremu handien jabe ziren udalerri txikietan gertatzen zela diote. Baina koalizioak mendi horien udal planifikazioa berreskuratu beharra ikusten du, eta kudeaketa eurenganatzeko pausoak ematen hasi dira.
Berriatuko Udalak aurten ezeze, datozen urteetan ere ildo beretik jarraitzeko konpromisoa hartu du. «Espezieen kontserbazio eta berreskurapenera zuzendutako hektareen kopurua handitzeko apustu publikoa egin nahi dugu. Azken helburua basoak ekosistema moduan berreskuratzea da». Berriatuaren pausoak jarraitu dituzten beste udalerri batzuk dira Atxondo, Urduña eta Igorre ere.
Baso politika aldatu beharra
EH Bilduk esan du Bizkaiko mendiek eta baso sektoreak bizi duen egoeraz arduratuta daudela. «EAJren politika publikoak bultzatuta, lur jabeek pinudiaren aldeko apustua egin zuten. EAJ izan da sektorea porrotera eraman duena». Horren aurrean, EH Bilduk errentagarritasuna eta jasangarritasuna erdigunean jarri nahi ditu. «Hori posible izango da basogintza politika aldatzen bada».
Egun, aldundiak kudeatutako baso publikoen egoera ondokoa dela diote: «Pinu monolaborantza nagusi da, eta mendien maneiu industriala egiten da, zuhaitz guztiak erabat eta aldi bakarrean ateraaz». EH Bilduren iritziz, praktika horren ondorioz pinuen gaixotasunak eragin bera dauka mendi publikoetan zein pribatuetan.
Sektoreko agenteekin kontaktuak egiten hasi direla ere esan dute, «egoeraren analisia lehen eskutik ezagutzeko eta bakoitzak ikusten dituen irtenbide posibleak kontuan hartzeko». Sektoreko langileei, gainera, EH Bilduk aurkeztutako Mendi Foru Arau proposamenaren edukiak helaraziko dizkietela esan dute. «Kalitatezko egurra ekoitzi eta ustiategien errentagarritasuna handitu behar da, egurraren industria laguntzailearen sektorea indartzeko eta garatzeko».