Laboral Kutxa Emakume Master Cup lehiaketa bere faserik interesgarrienean sartu da asteburu honetan. Promozio mailako 141 partiden ostean, Lehen Mailako txapelketa hasi zen domekan, Elgetan. Gaur egun esku pilotan aritzen diren
12 emakumerik onenak jokatu zuten hiru multzotan banatuta, eta orokorrean partida borrokatu eta orekatuak ikusteko aukera eduki zuten frontoia bete zuten pilotazaleek. Bederatzi pelotarik egin dute aurrera sailkapenean, euren artean
Leire Etxaniz etxebarritarrak.
Leire Etxaniz eskuinean Elgetako kanporaketan. Argazkia: Emakume Master Cup
Olatz Ruiz de Larramendi eta Iera Agirreren kontrako partidak irabazita egin du aurrera Leire Etxanizek.
18-9 eta 10-18 nagusitu zen Etxebarriko pilotaria.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, bereziki lehiatua izan zen hirugarren multzoko norgehiagoka. «Patri Espinar, Maite Ruiz de Larramendi eta Maddi Mendizabalen arteko partidak oso luzeak eta borrokatuak izan ziren, baina ahaleginak eduki zuen saria, hirurek lortu zuten hilaren 25ean Zallan egoteko aukera».
Olatz Arrizabalaga, Eneritz Arrieta, Olatz Ruiz de Larramendi, Maider Mendizabal eta Miren Larrarte izan dira beste lau sailkatuak.