Mutrikuko EH Bilduk jakitera eman duenez, Mijoa erreka eta inguruak eraberritzeko 3,1 milioi euroko diru ekarpena egingo omen du URA Agentziak. “EH Bilduk egin dituen gestioen arabera URA agentziak 3,1 milioi euroko partida du
aurreikusita 2019rako. Agian oraingoan hasiko da proiektua. Aspaldian ari gara gai honekin bueltaka eta borrokan, ea behin betikoz irtenbidea ematen zaion esku artean daukagun horren egoera latzari”.
Agertu dutenez, aurreko astean Batzar Nagusietako ingurumen batzordean EH Bilduren ordezkariak berriro galdetu zuen 2019ko aurrekontuan Mijoa proiektuarentzat diru ekarpenik ba ote zegoen. “Erantzuna ezetza izan zen, baina URA agentziak bazuela aurreikusita diru partida bat
proiektua %100ean burutzeko“.
Mutrikuko EH Bilduk gogorarazi duenez, 2011-2015 agintaldian aurrera pauso handiak eman ziren saneamendua eta bidegorria jasotzen dituen proiektua herritar kaltetuen artean adosteko. “2015eko aurrekontuan 2 milioi euro baino gehiagoko diru ekarpen bat aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina EAJk eta PSEk atzera bota zuten”.
Azken agintaldian hainbat aldiz eskatu dute udalean proiektua ahalik eta arinen egitea, garrantzitsua delako; horren alde egiteko eskatu dute, “egoera behingoz bideratu dadin”. Diotenez, URA agentziaren 2017ko kanpainako
txostenak urak harrotu zituen. Bertan Mijoa errekaren uren egoera txarra zela azpimarratzen zen. Horren harira, EH Bilduk iraileko udalbatzan
Mijoaren aldeko adierazpena aurkeztu zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta URA agentziari 2019ko aurrekontuan Mijoako proiektua kontuan har zezaten.