Eskola Kirolari garrantzia berezia ematen diote Lekeitioko Azkue Ikastolan, etxeko txikiak txikitatik kirol aukera ezberdinak ezagutu eta praktikatzeko aukera izatea ezinbestekoa iruditzen zaie. Hori dela eta, datorren urteko maiatzean Lekeition ospatuko den Ibilaldiaren egitarauaren baitan, tartea egin diote Eskola Kirolari, eta abenduaren 2ra bitartean eskola kirolaren inguruko hainbat ekintza antolatu dituzte, herritar guztiei zabalik.
Umeak eskola kirolean parte hartzen. Argazkia: Azkue Ikastola
Ekintza nagusia egueneko [azaroak 29]
hitzaldia izango da; hiru aditu gonbidatu dituzte eskola kirolaren garrantziaz berba egiteko:
Luix Mari Zulaika Pedagogian doktorea eta gorputz hezkuntzako irakasle espezialista EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean eta
Eneko Landa eta Ane Kano EKAP (Eskola Kirolaren Aldeko Plataforma) plataformako kideak. Mahaingurua Asier Txakartegi Bizkaia Irratiko aurkezleak gidatuko du, eta
18:00etan izango da, Lekeitioko Azkue
Ikastolako jantokian. “Eskola kirolaren ezaugarriez berba egingo dute adituek eta horrek gure haurrengan daukan eraginaz. Horrez gain, beste herri batzuetako esperientziak ere ekarriko dituzte Landak eta Kanok”, aurreratu dute Azkue Ikastolakoek.
Horrez gain,
domekan [abenduak 2], eskola kirol asteari amaiera borobila emateko
Kirola Familian topaketa egongo da
Larrotegi futbol zelaian, familiako kide guztiei zuzenduta. LH 1etik LH4 mailara arteko ikasleek eta euren familietako kideek elkarrekin kirola egiteko aukera edukiko dute. Biodantza, hokeia, atletismoa eta elkarlaneko jolasak eta progak eginez gozatuko dute.
Umeak jolasean. Argazkia: Azkue Ikastola
Bestalde,
multikirol saio bereziak ere edukiko dituzte aste honetan Santi Brouard kiroldegian. Goi mailan aritzen diren Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeko eta Gernikako Rugby taldeko kirolariak parte hartuko dute gazteekin multikirol saioetan. “Gonbidatuek prestatutako ariketa saioaren ostean, gaztetxoek nahi dituzten galderak egiteko aukera izango dute”.