Markina-Xemein eta Berriatuko Tarine musika eskolak urteroko
Gabonetako emanaldia eskainiko du eguenean [
abenduak 20],
18:30ean, Berriatuko
Mendibarren frontoian. Aurreratu dutenez, emanaldia formatu handikoa izango da; 80 ikasle eta irakasle inguruk parte hartuko dute.
Ikasleek taldeka parte hartuko dute emanaldian. Hala, hizkuntza musikalekoak, kamara talde ezberdinak, Isura taldea, konboak, Trikipand taldeak… parte hartuko dute. “
Estilo askotako abestiak eskainiko ditugu. Hori bai, egiten dugun guztiak
Gabon ikutua edukiko du. Azken finean, ez da berdina udaberrian emanaldi bat egitea edo Gabonetan egitea”. Eta urtero egin modura, berrikuntzaren bat edo beste ere egongo dela esan dute.
Markina-xemeindarrek bigarren urtez parte hartuko dute Tarineren Gabonetako emanaldian. Izan ere, Tarine duela bi urte hasi zen Markina-Xemeinen ere klaseak ematen. “Ostera antzean, Berriatuan guk beti egin izan dugu Gabonetako emanaldia”.
Tarinek iazko Gabonetan egindako emanaldia. Argazkia: Tarine
Urtez urte emanaldi honen formatua aldatzen joan badira ere, aurten aurreko urteko formatu berdina mantenduko dutela esan dute. “Hasiera batean emanaldi xume bat egiten genuen. Gero, baina, formatu handira jauzi egin genuen”.
Ordubete inguruko saioa izango dela esan dute. “Talde bakoitzak abesti bat baino gehiago eskainiko ditu, eta emanaldia
Gabon zorionak abestiagaz amaituko dugu; Gabonetako emanaldiak beti amaitzen ditugu abesti horrekin”. Ikasleei ere horrela amaitzea gustatzen zaiela esan dute. “Frontoia ilun-ilun dagoela, abesti hori linternekin eta dantzan egiten dute ikasleek, eta asko gustatzen zaie”.
Tarinekoek herritarrei emanaldia ikustera
joateko gonbitea egin nahi izan diete.