Abenduaren 26ko osoko bilkuran behin behineko onarpena eman zion Lekeitioko Udalak Herri antolamendurako Plan Orokorrari (HAPO). Udalak jakitera eman duenez, azaroaren 14an amaitu zen udalerriko lurzoruaren erabilera definitu eta arautzen dituen planari alegazioak egiteko epea, eta guztira,
20 alegazio jaso zituzten. “Epea bukatu ondoren eta egin beharreko aldaketak egin eta genero ikuspuntua txertatuta eman zion osoko bilkurak behin behineko onespena HAPO berriari”. Dokumentua behin betiko onartua izateko Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen sailera eta lurralde Antolamendurako Batzordera bidali dute, erakunde horien oniritzia jasotzeko.
HAPO berriak, besteak beste, hurrengo
irizpideak jasotzen ditu:
- Lurzoru-kontsumoaren arrazionalizazioa.
- Gaur egungo hiri-ehunaren edo hiri trama garapenei lehentasuna ematea. Hau da, herri barrua egiten joan, hutsuneak betetzen joan eta ez garapen bakartuak edo isolatuak bultzatu.
- 5 solairu baino gutxiago dituzten eraikuntza berriak mantentzea.
- Etxebizitza-kopuru totala, gutxi gorabehera, 309 etxebizitzetakoa izango da Etxebizitza-kopuru horretatik, % 47,25 gizarte-etxebizitza izango da.
- Guztira, 73.034 metro karratu lurzoru urbanizagarri ezabatzen dira, gehien bat Santa Katalina eta San Antolin inguruan.
- Zerbitzu Poligono bat planteatzen da, tokiko jarduerei zerbitzua emango diena. Enpresa txikientzako biltegitzat hartu daiteke adibidez. Baina gaur egun indarrean dauden arau subsidiarioek aurreikusitakoa 31.710 metro karratutik 6.630 metro karratutara murrizten da eremua.
- Maderas de Lekeitio plan berezi baten baitan sartzea.
- Udalerriaren barne oinezkoen mugikortasuna sustatzea. Nolanahi, hiri-garapen berrietan irisgarritasuna ziurtaraztea, indarreko arlo-araudia betez. Ahal den neurrian, gaur egungo espazioetan ere.
Prozesu luzea. Lekeition indarrean dagoen Plan orokorra 1996ko martxoan onartu zuten, eta ordutik hogei aldaketa baino gehiago izan dituela azaldu dute, “azkena 2007an behin betikoz onartutakoa”.
Adierazi dutenez, plan orokorrak onartzen direnetik
zortzi urtetara berrikustea gomendatzen du legeak. Horrela, 2007 urtean planak berrikuspena behar zuela erabaki zuen udalak, eta harrezkero parte hartze prozesuak egon badira ere, ez dute orain arte dokumentu berririk landu eta onartu. «Prozesu luze honetan, udalak argi izan du, natura ingurunea eta eraikitako ondarearen babesa izan behar direla Lekeitioko ardatz egituratzaileak. Gainera, indarrean dauden arau subsidiarioak aurreikusten zituzten hiri-hazkundeak gaur egungo errealitatearekin ez datoz bat».
Ondorioz,
gizartearen beharrizanak asetzera bideratuko liratekeen hiri-garapenak lehenetsi direla azpimarratu dute: babes ofizialeko etxebizitzenak, zuzkidura-bizitegiak… «Beste edozein garapen, herri barruko bilbearen edo tramaren egokitzapen lanetan justifikatuta egon beharko litzateke».