Urte berria garaipenekin hasi du Lointek Gernika Bizkaiak, etxean
2019ko lehen astean lehiatutako Eurokopako eta ligako neurketa bana irabazi ditu, Malosten. Etzi Istanbulen jokatuko du Galatasarayren kontrako bueltako partiduaBorrokan jarraitzeko gogo biziz hasi du 2019a Lointek Gernika Bizkaiak. Aurreko astean bi p...
2019ko lehen astean lehiatutako Eurokopako eta ligako neurketa bana irabazi ditu, Malosten. Etzi Istanbulen jokatuko du Galatasarayren kontrako bueltako partidua
Borrokan jarraitzeko gogo biziz hasi du 2019a Lointek Gernika Bizkaiak. Aurreko astean bi partidu jokatu zituzten Malosten, eta biak irabazi zituen etxeko taldeak. Eguenean Galatasarayren kontra lehiatu zen Eurokopan, eta biharamunean, Femeni Sant Adria mendean hartu zuen. Zaleak ilusioz bete zituzten.Nekea pilatu arren, atsedenik hartzeko astirik ez daukate Lointekeko jokalariek. EuroCup Women Txapelketaren multzokako fasean bigarren postua eskuratuta sailkatu zen kanporaketetara, eta eguen honetan Galatasayren kontrako bueltako partidua dute Turkian (17:30).
Aurreko asteko garaipena errepikatzeko lan egin beharko dute talde gernikarreko jokalariek. Ikusgarria eta hunkigarria izan zen. Magiaz betetako neurketa. Lointek Gernika Bizkaiak 84-69 irabazi zion iazko Eurokopako txapeldunari.
Zaleek Maloste bete zuten, eta jokalariek ez zieten hutsik egin. Talde turkiarraren esperientzia igarri zen kantxan, baina etxekoek beren jokoari eutsita, edozein aurkariri aurre egiteko gai direla erakutsi zuten. Lehen zatian argitasun eta eraginkortasun falta igarri zen, baina, kalitateagaz, nortasunagaz eta bihotzagaz nagusitu zen Malosteko taldea.
Ligan ere, indartsu
Dia Ligan 14 jardunaldi lehiatu dituzte, eta horietatik hiru bakarrik galdu. 11 garaipenetan azkena, aurreko astean lortu zuen Sant Adriaren kontra, etxeko zaleen aurrean (76-71).
2018-2019 denboraldia historikoa da klubarentzat. Hasiera bikaina izan dute, eta emaitza onei eusteko lanean ari direla erakusten ari dira jokalariak. Gaur gaurkoz, Emakumezkoen Ligaren sailkapenean hirugarren postuan dago Lointek, 25 puntugaz.
15. jardunaldia lehiatzeko Valentziara bidaiatuko dute zapatuan. Valencia BCren aurkako partidua 19:15ean hasiko da.