Durangoko Andereak emakume taldeko kideei esker, 1997an Karibeko uretan desagertu zen Dina Bilbao Barruetabeña kirolari ondarrutarraren ibilbidea
Euskal Wikipedian dago.
Ondarrutarra euskal triatleta aitzindaria izan zela eta, Interneteko entziklopedian egon egin behar zela iritzita sartu dute haren inguruko informazioa. «Guretzako oso
garrantzitsua da emakume erreferenteak Interneten egotea, eta horrek bultzatuta egin dugu Dinaren biografia; Euskal Herri eta Espainia mailan erreferentea izan zen 80ko hamarkada erdialdetik 90eko hasierara bitartean».
Besteak beste, Bilbaoren haurtzaroaren inguruko zertzeladak, haren zaletasunak eta kirol ibilbidea biltzen ditu argitalpenak. Baina triatleta ondarrutarraren izaera feminista ere azpimarratzen du. «Harro zegoen emakume izateaz eta emakumeen berdintasun alorrean asko egin zuen». Alde batetik emakume askok parte hartzen ez zuten kirol modalitateetan parte hartu zuela eta emakume asko parte hartzera animatu zituela aipatzen da.
«Azpimarragarria da emakumeei eta gizonezkoei banatu behar zitzaizkien sariak berdinak izatearen alde egin zuen borroka. Emakume askorentzat eredua izan zen, ez bakarrik kirol munduan, baita ere beste alor batzuetan».
Emakume erreferenteei ikusgaitasuna emate aldera, WikiEmakumeok izeneko mugimendu bat ere badago
Andereak taldeko kideek gaineratu dutenez, euskal emakume erreferenteen biografiei dagokienez euskara gaztelaniaren aurretik doa. «Lehendabizi euskaraz egiten dugu, eta gero, taldeko batek gaztelaniara itzuli eta gaztelaniazko Wikipedian sartzen ditu». Gaineratu dutenez,
erreferentziak bilatzea izaten da zailean. “Informazioa ezin da edonola sartu. Egiaztatuta egon behar da, eta horretarako erreferentziak bilatu behar izaten dira. Ez badirudi ere, horren guztiaren atzean
lan handia dago”.
Euskal Wikipediako arduradunek jakitera eman dutenez, gaur egun
6.000 emakumeren informazioa dago sareko euskarazko entziklopedian. Eta gogorarazi dute entziklopedia elikatzeko aukera herritar guztiek daukatela.
WikiEmakume izateko. Horren haritik, eta emakume erreferenteei ikusgaitasuna emate aldera, WikiEmakumeok izeneko mugimendu bat ere badago. «Gure helburuak dira emakumeen biografia berriak euskaraz sortzea, Wikipedian beste hizkuntza batzuetan dauden emakumeen biografiak euskarara ekartzea, euskal Wikipedian genero ikuspegia txertatutzea eta emakumezko editore euskaldunen kopurua handitzea».
Horrez gain, feminismo ezberdinen ekarpenak eta protagonistak formatu anitzeko tresnetan islatzea ere bilatzen dutela diote.
Mugimenduko kideek, gainera, orain arte euskarara ekarritako biografien zerrenda ere Interneten artigaratuta daukate; bi urtean 102 biografia gehitu dituzte Euskal Wikipedian. Eta euskaratzeko edota egiteke dauden lanak ere zerrenda batean jasota dituzte.
WikiEmakumeok sarea handitze aldera, barikuan, Wikipediaren 18. urteurrena dela-eta Donostian Wikipedia editatzeko giltzak zabaltzeko saioa egingo dute; EHUko Multimedia Ikasgelan batuko dira, 16:00etatik 19:00etara. «Anima zaitez wikilari izatera, ikusten den bezala egiteko asko dago eta».