Aitor Irusta: "Aspaldian galduta eduki dudan ilusioa berreskuratu nahi dut"
Aspegaz lau denboraldi egin eta gero, Garfe enpresagaz akordioa sinatu du Aitor Irusta Olanok (Munitibar, 1992). Urtarrilaren 18an etxeko frontoian jokatuko du etapa berriko debuteko partidua.
Garfe pelota enpresagaz kontratua sinatu berri duzu urte amaiera arte. Etapa berriari ekiteko ilusioz zaude?
Enpresa txiki bat da; apiriletik urrira bitartean partidu asko jokatzen dira. Ilusioa badaukat, baina, nire burua eta gorputza beste era batera daude. Azkenean, lehengo aldean presio gutxiago daukat; ez da lagun artean jokatzea moduan, baina, bai lasaiago. Lea Motrollogaz aterako dut federatu fitxa, eta Munitibarren entrenatu.
Nola izan da akordioa lortzea?
Aspen kontratua luzatzen ez zidatela jakin ostean, azken partidua jokatu eta gero, eurak deitu zidaten. Enpresak bere proposamena luzatu zidan, eta nik nire iritzia eman nien, eta akordioa itxi genuen denboraldi honetan eurekin jokatzeko.
Etxekoen aurrean da debuta. Herritarren babesa izango duzu. Zer espero duzu hilaren 18ko partidatik?
Aspegaz birritan jokatu nuen hemen, eta giro polita egon zen, eta etapa berri honetan espero dut horrela izatea. Sarrerak merkeago daude; aurretik tabernetan eskuratu daitezke. Ea frontoiak itxura ona hartu, guk, pilotariok ondo jokatu, eta frontoian giro ona jartzen dugun.
Santxogaz jokatuko duzu ondo ezagutzen dituzun bi pelotariren kontra.
Santxogaz debutatu aurretik askotan jokatu dut. Titinegaz sekula ez dut jokatu, ez dut Aspen kontziditu, baina, Merinogaz bai; pare bat aldiz bere kontra jokatu nuen. Ea maila ona ematen dugun, eta irabazten badugu, hobeto. Titinek izen handia dauka; oso pilotari handia izan da, eta hemen jokatzeak jendea erakarri dezake. Oraindik ondo jokatzen ari da.
“Ea frontoiak itxura ona hartu, guk, pilotariok ondo jokatu, eta frontoian giro ona jartzen dugun”
Zer espero duzu aurtengo denboralditik?
Lesioaren eta enpresan ikusita hainbat gauza eta egoeren ondorioz, aspaldian galduta eduki dudan ilusioa berreskuratu nahi dut. Gutxigorabehera zenbat partidu jokatu ditzakedan esan didate. Tomas Garrido asko mugitzen da, tokiko telebistekin eta publizitatea lortzen ere asko saiatzen da. Jendearen eskariak entzuteko eta egiteko prest dago. Bestalde, Ander Uberuaga lagun hadia da, eta elkarrekin jokatzeak ilusioa egiten digu, eta ea hori posible den. Munitibartarra da, eta profesionala izan aurretik eta ondoren ere asko lagundu dit. Momentu txarretan beti egon da hor. Leako klubagaz ere baliteke partiduren bat edo beste jokatzea.
Asegarce eta Aspegaz alderatuta, Garfe enpresa ez da horren ezaguna hemen.
Urte asko daramatza pilota munduan, baina, agian, hemen inguruan ez da asko ikusi. Bertako pilotariak hemen jokatu izan dute. Mikel GoƱik, esaterako, Garfen jokatu zuen. Errioxan zein Nafarroako erriberan partidu asko antolatzen dituzte. Enpresan dauden askogaz afizonatuetan jokatuta nago, eta batzuekin profesionaletan ere bai. Batez ere, Miguel eta David Merinogaz eta Beroizegaz.
2015eko urtarrilaren 25ean Eibarko Astelenan debutatu zenuen profesionaletan, Aspegaz. Zer nolako balorazioa egiten duzu?
Jende askori eskerrak eman behar dizkiot. Pertsona batzuengatik izan ez balitz ez nintzen pelotan hasi ere egingo. Lehen hiru urteak oso onak izan ziren; bai nik eta bai enpresak pentsatu baino hobeto aritu nintzen. Debutatu eta segituan irabazten, eta hiru bat hilera estelarrak jokatzen nengoen, Irujogaz edota Xalagaz. Agian hori arinegi etorri zitzaidan, eta ez momenturik onenean. Eta askoz hobeto egon naizenean, enpresaren aldetik ez da egon nik ikusten nuena. Agian ikusten zuen ez nengoela hor jokatzeko moduan, eta nik ikusten nuen aukeraren bat behar nuela. Baina, ez dut ezer txarrik esango. Azken urtean asko sufritu dut. Eskumako eskuko atzamar denak apurtu nituen, eta nahiz eta Gabonak eta gero frontoira irten, ikusten nuen ez nengoela berdin; eskutik ez zen pelota irteten ez eta beldurra buruan. Orain, amaierarantz egoerari buelta ematen egon naizenean ez dut aukerarik izan. Baina, eskerrak eman behar ditut, txikitako ametsetako bat Aspegatik bihurtu zelako errealitate. Hasieran, Aspegaz eta Asegarcegaz egon nintzen entrenatzen, eta Aspek eman zidan aukera.
“Lekeition asko hunkitu nintzen. Oso egun polita izan zen; ez dut ahaztuko”
Abenduaren 25ean Astelenan jokatu zenuen Aspegaz azken partidua, debutaren leku berean. Berezia izan al zen?
Tolosan jokatu behar nuen, baina, enpresari esan nion azken partidua Astelenan jokatu nahi nuela. Eibarren hunkitu nintzen, baina, bereziagoa izan zen Lekeition egun batzuk lehenago jokatutako partidua. Oso hunkituta, telebistarako ere ezin izan nuen berba egin, emozioagaz. Senide eta lagun pila bat hurbildu zen, eta oso egun polita izan zen. Hemen egindako errekonozimendu ekitaldia ere ez dut sekula ahaztuko. Bideo bat egin zidaten. Ikusten duzu zenbat jende egon den zure inguruan eta emozionatu egiten zara.
Orain arteko ibilbidetik zer nabarmenduko zenuke? Zeintzuk izan dira zure bidelagunak?
Aspeko pilotari asko ezagutu ditut, askogaz harreman oso ona eduki dut eta lagun izango ditut. Batzuk nire familian sartu dira. Jokin Etxaniz nire bigarren aita moduan da. Nigaz asko sufritu zein ondo pasatu du, eta elkarrekin entrenatu dugu. Momentu txarrak eta onak pasatu ditugu. Nire bizitzan beti egongo da. Eta beste pilotari askogaz ere oso ondo egon naiz. Mesede bat eskatu behar banieke uste dut denak egongo zirela laguntzeko prest. Gehienbat bertako jendeagaz eta momentu askotan eman dudan mailagaz geratzen naiz.
Zerbait egin ezin izanaren arantzarik geratu al zaizu?
Nire buruagaz badaukat arantza bat. Lesioagaz momentu txarrak pasatu nituen. Gorputzak ez zidan entrenatzen uzten; gorputza barrutik hutsik moduan neukan, ezin nuen. Askotan esan dut momentu horretan nire buruagaz bigunegia izan nintzela, gogorragoa izan behar nintzela. Baina, azken partiduetan ikusi da edonoren kontra jokatzeko moduan nagoela, eta horregaz gelditzen naiz. Bestalde, Zabaletaren kontra jokatu ez izanaren pena daukat. Irujo, Altuna, Barriola, Rezusta, Elezkano… goiko mailako denekin jokatu dut.
26 urte dituzu. Zelan ikusten duzu etorkizuna?
Egoera gogorretatik ez dut esango ikasi dudanik, oraindik ikasten nago, eta sufritu dut eta sufritzen nago. Baina, espero dut bizitza errealerako balio izatea. Masajeak emateko ikasketak egin nituen eta etxean dudan gelan horretan aritzeko esperantza daukat. Paperak egiten nabil. Garfegaz aurten jokatu, eta ikusiko da datorren urteak zer dakarren. Behin kazetari batek galdetu zidan ea pelota gustatzen zitzaidan. Momentu askotan igarri dut pelota bai gustatzen zaidala, baina, pelotaren inguruko gauza asko ez. Gustuko dut lagunekin nahi dudanean frontoira joatea, baina, goiko mailan egoteko ordu asko sartu behar dira. Momentu askotan, pribilegiatu baten moduan bizi izan naiz, ez zait ezer falta izan. Pelotak gauza oso onak ditu, baina, gauza asko ere kentzen ditu, eta hori jakiteko bizi egin behar da.