Apirilaren 11n eta 12an pasatuko da Korrika bertoko udalerrietatik
Zortzigarren egunean Bakiotik sartuko da Bermeora, eta Busturialdeko zein Lea-Artibaiko herriak igarota, biharamunean, goizean goiz irtengo da Mutrikutik2017an egin zuen kontrako bidea egingo du 21. Korrikak. Atzo eman zuten jakitera ibilbidea, eta or...
Zortzigarren egunean Bakiotik sartuko da Bermeora, eta Busturialdeko zein Lea-Artibaiko herriak igarota, biharamunean, goizean goiz irtengo da Mutrikutik
2017an egin zuen kontrako bidea egingo du 21. Korrikak. Atzo eman zuten jakitera ibilbidea, eta oraingo honetan, Busturialdetik pasatuta Lea-Artibaiko herritarren esku geratuko da lekukoa.20:15ak inguruan, Bakiotik sartuko da Bermeora, eta 01:00k inguruan Bedaronatik pasatuta, Lea-Artibaiko herritarren txanda izango da. 01:20 aldera sartuko da Ispasterren, eta bost ordu inguru beranduago, 06:00ak aldera iritsiko da Mutrikura.
Apirilaren 4an Nafarroako Gares herrian hasi eta apirilaren 24an Gasteizera helduko da, herritarrek euskarari klika eginez.
Lehenengo hiru egunetan Nafarroako udalerriak zeharkatuko ditu. Apirilaren 7an, Ipar Euskal Herrirantz abiatu, eta besteren artean, Donibane Garazitik, Mauletik eta Baionatik pasatuko da. Biharamunean, Gipuzkoan sartuko da euskararen aldeko lasterketa ospetsua. Irun eta Hondarribiatik pasatu eta gero, Nafarroan barneratuko da berriro ere.
Apirilaren 10ean (zazpigarren eguna) sartuko da lehenengoz Bizkaiara. Hain zuzen, Arabatik Bizkaiara abiatuko da lekukoa, besteak beste, Arrankudiaga, Portugalete, Galdakao, Larrabetzu, Leioa eta Urduliz ilusioz betez.
Apirilaren 11 eguerdian (eguena) ailegatuko da Bilbora, eta kostaldeko kresalaren usainagaz sartu eta irtengo da Busturialdean. Apirilaren 12an arratsaldez pasatuko da Gipuzkoako hiriburutik, eta azken aurreko egunean (apirilak 12, zapatua) berriro ere Bizkaiara jo, eta Durangaleko eta Arratialdeko herrietatik murgilduko da euskararen aldeko olatu koloretsua. Azken egunean, berriz, Bizkaian eta Gipuzkoan ibiliko dira korrika, Gasteizera iritsi arte. Aurreikusitakoaren arabera, 08:22an sartuko da Arabako hiriburuan, eta amaierako ekitaldia 12:30ean egingo dute.
Txillardegi omenduz
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillaregi omenduko du aurtengo Korrikak, kulturan, euskalgintzan, pentsamenduan… ekarri zituen aldaketak eta egindako ekarpenak aitortuz. Euskara batua sortu zuteneko urteurrena gogora ekarriko dute. Euskara batuak egindako ekarpena oinarrizkoa izan zela eta horretan Txillardegik izan zuen parte hartzea aitatu dituzte Korrikaren arduradunek: «Egundoko lana egin zuen, eta euskaldunon historian egin den gauzarik inportanteena ziur aski Txillardegiri zor diogu».
Konpromisoa
Klika lelopean, Konpromisoaren Korrika, garai berri baten Korrika izango dela esan zuten arduradunek aurkezpenean. Hain zuzen, leloagaz, euskararen aldeko hautua egiteko eta euskararen aroagaz bat egiteko deia zabalduko du AEK-k: «Klika aukera bat hartzea da; euskararen aukera hartzea. Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klik egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea. Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea. Konpromisoak hartzeko garaia da».
Iusioa, lana, kemena, magia, alaitasuna, emozioa, batasuna… berba askogaz lotzen dugu Korrika. Aurpegi asko ditu atzean, eta begiz begiz, hankaz hanka, hamaika txoko eta milaka eta milaka kilometro koloreztatuko ditu beste behin.