«Aspaldian galduta eduki dudan ilusioa berreskuratu nahi dut»
Aspegaz lau denboraldi egin eta gero, Garfe enpresagaz akordioa sinatu du Aitor Irusta Olanok (Munitibar, 1992). Urtarrilaren 18an etxeko frontoian jokatuko du etapa berriko debuteko partidua.Garfe pilota enpresagaz kontratua sinatu berri duzu urte ama...
Aspegaz lau denboraldi egin eta gero, Garfe enpresagaz akordioa sinatu du Aitor Irusta Olanok (Munitibar, 1992). Urtarrilaren 18an etxeko frontoian jokatuko du etapa berriko debuteko partidua.
Garfe pilota enpresagaz kontratua sinatu berri duzu urte amaiera arte. Etapa berriari ekiteko ilusioz zaude?Enpresa txiki bat da; apiriletik urrira bitartean partidu asko jokatzen dira. Ilusioa badaukat, baina nire burua eta gorputza beste era batera daude. Azkenean, lehengo aldean presio gutxiago daukat; ez da lagun artean jokatzea moduan, baina bai lasaiago. Lea Motrollogaz aterako dut federatu fitxa, eta Munitibarren entrenatu.
Nola izan da akordioa lortzea?
Aspen kontratua luzatzen ez zidatela jakin ostean, azken partidua jokatu eta gero, eurek deitu zidaten. Enpresak bere proposamena luzatu zidan, eta nik nire iritzia eman nien, eta akordioa itxi genuen denboraldi honetan eurekin jokatzeko.
Etxekoen aurrean da debuta. Herritarren babesa izango duzu. Zer espero duzu hilaren 18ko partidatik?
Aspegaz birritan jokatu nuen hemen, eta giro polita egon zen, eta etapa berri honetan espero dut horrela izatea. Sarrerak merkeago daude; aurretik tabernetan eskuratu daitezke. Ea frontoiak itxura ona hartu, guk pilotariok ondo jokatu, eta frontoian giro ona jartzen dugun.
Santxogaz jokatuko duzu, on- do ezagutzen dituzun bi pilotariren kontra.
Debutatu aurretik askotan jokatu dut Santxogaz. Titinegaz sekula ez dut jokatu, ez dut Aspen beragaz bat egin, baina Merinogaz bai; pare bat aldiz bere kontra jokatu nuen. Ea maila ona ematen dugun, eta irabazten badugu, hobeto. Titinek izen handia dauka; oso pilotari handia izan da, eta hemen jokatzeak jendea erakarri dezake. Oraindik ondo jokatzen ari da.
Zer espero duzu aurtengo denboralditik?
Lesioaren eta enpresan ikusitako hainbat gauza eta egoeren ondorioz, aspaldian galduta eduki dudan ilusioa berreskuratu nahi dut. Gutxi gorabehera zenbat partidu jokatu ditzakedan esan didate. Tomas Garrido asko mugitzen da. Jendearen eskariak entzuteko eta egiteko prest dago. Bestalde, Ander Uberuaga lagun handiagaz jokatzeko ilusioa dut, eta ea posible den. Munitibartarra da, eta profesionala izan aurretik eta ondoren ere asko lagundu dit. Une txarretan beti egon da. Leako klubagaz ere baliteke partiduren batzuk jokatzea.
Asegarce eta Aspegaz alderatuta, Garfe enpresa ez da horren ezaguna hemen.
Urte asko daramatza pilota munduan, baina, beharbada, hemen inguruan ez da asko ikusi. Bertako pilotariak hemen jokatu izan dute. Mikel Goñik, esaterako, Garfen jokatu zuen. Errioxan zein Nafarroako erriberan partidu asko antolatzen dituzte. Enpresan dauden askogaz afizonatuetan jokatuta nago, eta batzuekin profesionaletan ere bai. Batez ere, Miguel eta David Merinogaz eta Beroizegaz.
2015eko urtarrilaren 25ean Astelenan debutatu zenuen profesionaletan Aspegaz. Zelako balorazioa egiten duzu?
Jende askori eskerrak eman behar dizkiot. Pertsona batzuengatik izan ez balitz ez nintzen pilotan hasi ere egingo. Lehen hiru urteak oso onak izan ziren; bai nik eta bai enpresak pentsatu baino hobeto aritu nintzen. Debutatu eta segituan irabazten, eta hiru bat hilabetera estelarrak jokatzen nengoen, Irujogaz edota Xalagaz. Agian, hori arinegi etorri zitzaidan, eta ez momenturik onenean. Eta askoz hobeto egon naizenean, enpresaren aldetik ez da egon nik ikusten nuena. Agian ikusten zuen ez nengoela hor jokatzeko moduan, eta nik ikusten nuen aukeraren bat behar nuela. Baina ez dut ezer txarrik esango. Azken urtean asko sufritu dut. Eskumako eskuko atzamar denak apurtu nituen, eta nahiz eta Gabonak eta gero frontoira irten, ikusten nuen ez nengoela berdin; eskutik ez zen pilota irteten, eta beldurra buruan. Orain, amaierarantz egoerari buelta ematen egon naizenean, ez dut aukerarik izan. Baina eskerrak eman behar ditut, txikitako ametsetako bat Aspegatik bihurtu zelako errealitate. Hasieran, Aspegaz eta Asegarcegaz egon nintzen entrenatzen, eta Aspek eman zidan aukera.
Abenduaren 25ean Astelenan jokatu zenuen Aspegaz azken partidua, debutaren leku berean. Berezia izan al zen?
Tolosan jokatu behar nuen, baina enpresari esan nion azken partidua Astelenan jokatu nahi nuela. Eibarren hunkitu nintzen, baina bereziagoa izan zen Lekeition egun batzuk lehenago jokatutako partidua. Oso hunkituta, telebistarako ere ezin izan nuen berba egin, emozioagaz. Senide eta lagun pila bat hurbildu ziren, eta oso egun polita izan zen. Hemen egindako errekonozimendu ekitaldia ere ez dut sekula ahaztuko. Bideo bat egin zidaten. Ikusten duzu zenbat jende egon den zure inguruan, eta emozionatu egiten zara.
Orain arteko ibilbidetik zer nabarmenduko zenuke? Zeintzuk izan dira zure bidelagunak?
Aspeko pilotari asko ezagutu ditut, askogaz harreman oso ona eduki dut, eta lagun izango ditut. Batzuk nire familian sartu dira. Jokin Etxaniz bigarren aita moduan da. Nigaz asko sufritu zein ondo pasatu du, eta elkarrekin entrenatu dugu. Momentu txarrak eta onak pasatu ditugu. Nire bizitzan beti egongo da. Eta beste pilotari askogaz ere oso ondo egon naiz. Mesede bat eskatu beharko banieke uste dut denak egongo liratekeela laguntzeko prest. Gehienbat bertako jendeagaz eta momentu askotan eman dudan mailagaz geratzen naiz.
Geratu zaizu arantzarik?
Nire buruagaz badaukat arantza bat. Lesioagaz momentu txarrak pasatu nituen. Gorputzak ez zidan entrenatzen uzten; gorputza barrutik hutsik moduan neukan, ezin nuen. Askotan esan dut momentu horretan nire buruagaz bigunegia izan nintzela, gogorragoa izan behar nintzela. Baina azken partiduetan ikusi da edonoren kontra jokatzeko moduan nagoela, eta horregaz gelditzen naiz. Bestalde, Zabaletaren kontra jokatu ez izanaren pena daukat. Irujo, Altuna, Barriola, Rezusta, Elezkano…, goiko mailako denekin jokatu dut.
26 urte dituzu. Zelan ikusten duzu etorkizuna?
Egoera gogorretatik ez dut esango ikasi dudanik, oraindik ikasten nago, eta sufritu dut eta sufritzen nago. Baina espero dut bizitza errealerako balio izatea. Masajeak emateko ikasketak egin nituen, eta horretan aritzeko esperantza daukat. Paperak egiten nabil. Garfegaz aurten jokatu, eta ikusiko da zer datorren. Behin kazetari batek galdetu zidan ea pilota gustatzen zitzaidan. Momentu askotan igarri dut pilota gustatu bai, baina pilotaren inguruko gauza asko ez zaizkidala gustatzen. Gustuko dut lagunekin nahi dudanean frontoira joatea, baina goiko mailan egoteko ordu asko sartu behar dira. Momentu askotan, pribilegiatu baten moduan bizi izan naiz, ez zait ezer falta izan. Pilotak gauza oso onak ditu, baina gauza asko ere kentzen ditu, eta hori jakiteko bizi egin behar da.