Dina Bilbao kirolari ondarrutarraren ibilbidea, Euskal Wikipedian ikusgai
Ondarrutarraren biografia Durangoko Andereak emakume taldearen ekimenez dago Interneten. WikiEmakumeok mugimenduak 102 emakumeren biografiak sareratu dituDurangoko Andereak emakume taldeari esker, 1997an Karibeko uretan desagertu zen Dina Bilbao Barrue...
Ondarrutarraren biografia Durangoko Andereak emakume taldearen ekimenez dago Interneten. WikiEmakumeok mugimenduak 102 emakumeren biografiak sareratu ditu
Durangoko Andereak emakume taldeari esker, 1997an Karibeko uretan desagertu zen Dina Bilbao Barruetabeña kirolari ondarrutarraren ibilbidea Euskal Wikipedian dago.Ondarrutarra euskal triatleta aitzindaria izan zela eta, Interneteko entziklopedian egon egin behar zela iritzita sartu dute haren inguruko informazioa. «Guretzako oso garrantzitsua da emakume erreferenteak Interneten egotea, eta horrek bultzatuta egin dugu Dinaren biografia; Euskal Herri eta Espainia mailan erreferentea izan zen 80ko hamarkada erdialdetik 90eko hasierara bitartean».
Besteak beste, Bilbaoren haurtzaroaren inguruko zertzeladak, haren zaletasunak eta kirol ibilbidea biltzen ditu argitalpenak. Baina triatleta ondarrutarraren izaera feminista ere azpimarratzen du. «Harro zegoen emakume izateaz eta emakumeen berdintasun alorrean asko egin zuen». Alde batetik, emakume askok parte hartzen ez zuten kirol modalitateetan parte hartu zuela eta emakume asko parte hartzera animatu zituela aipatzen da. «Azpimarragarria da emakumeei eta gizonezkoei banatu behar zitzaizkien sariak berdinak izatearen alde egin zuen borroka. Emakume askorentzat eredua izan zen, ez bakarrik kirol munduan, baita ere beste alor batzuetan».
Askotariko informazioa
Horrez guztiaz gain, ondarrutarrak egindako bidaiak eta espedizioak, desagerpenaren inguruko informazioa, egindako omenaldiak eta haren inguruan sortu diren bekak ere jasotzen ditu euskal entziklopediak. Erreferentzien atalean, Bilbaori buruz komunikabide ezberdinetan argitaratutako informazioa ere eskuragarri jarri dute. «Norbaitek uste badu zerbait falta dela edo zuzendu behar dela, gugaz harremanetan jarri ahal da eta guk gustura gehitu edota zuzenduko dugu».
Andereak taldeko kideek gaineratu dutenez, euskal emakume erreferenteen biografiei dagokienez, euskara gaztelaniaren aurretik doa. «Lehendabizi euskaraz egiten dugu, eta gero, taldeko batek gaztelaniara itzuli eta gaztelaniazko Wikipedian sartzen ditu».
Euskal Wikipediako arduradunek jakitera eman dutenez, gaur egun 6.000 emakumeren informazioa dago sareko euskarazko entziklopedian. Eta gogorarazi dute entziklopedia elikatzeko aukera herritar guztiek daukatela.
WikiEmakume izateko
Horren haritik, eta emakume erreferenteei ikusgaitasuna emate aldera, WikiEmakumeok izeneko mugimendu bat ere badago. «Gure helburuak dira emakumeen biografia berriak euskaraz sortzea, Wikipedian beste hizkuntza batzuetan dauden emakumeen biografiak euskarara ekartzea, euskal Wikipedian genero ikuspegia txertatzea eta emakumezko editore euskaldunen kopurua handitzea».
Horrez gain, feminismo ezberdinen ekarpenak eta protagonistak formatu anitzeko tresnetan islatzea ere bilatzen dutela diote.
Mugimenduko kideek, gainera, orain arte euskarara ekarritako biografien zerrenda ere Interneten artigaratuta daukate; bi urtean 102 biografia gehitu dituzte Euskal Wikipedian. Eta euskaratzeko edota egiteke dauden lanak ere zerrenda batean jasota dituzte.
WikiEmakumeok sarea handitze aldera, gaur Gasteizko Boga boga tabernan bilduko dira, eta bihar, Wikipediaren 18. urteurrena dela eta, Donostian Wikipedia editatzeko giltzak zabaltzeko saioa egingo dute; EHUko Multimedia Ikasgelan elkartuko dira, 16:00etatik 19:00etara. «Anima zaitez wikilari izatera, ikusten den bezala egiteko asko dago eta».
Dena dela, herritarrei aukera gehiago emateko, hilabetero herri zein hiri gehiagotan batuko direla aurreratu dute. «Hilaren 25ean Leioako campusean egongo gara, eta otsailaren 8an Iruñeko Arrosadian».