EH Bilduren alkategaia proposatzeko aukera egongo da Mutrikun, urtarrilaren 14tik 27ra
Duela aste batzuk errolda ireki bat egiteko asmoa zuela agertu zuela agertu zuen Mutrikuko EH Bilduk, “edozein herritarrek alkategaia hautatzeko, eta ondoren, zerrenda oso proposatzeko eskubidea izateko”. 200dik gora herritarrek eman dute euren atxikipena, eta oraindik ere, nahi duenak erroldan inskribatzeko aukera izango du mutrikukoehbildu@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
Alkategaiak proposatzeko tartea, berriz, urtarrilaren 14tik 27ra izango dela aurreratu dute alderdi abertzaleko kideek. “Mutrikuko EH Bilduk herritarrak animatu nahi ditu, parte hartze prozesu honetan murgildu daitezen eta herriarentzat egokienak iruditzen diren pertsonak proposa ditzaten”.
Proposatutako alkategaia bakarra bada, bera izango litzateke EH Bilduren alkategaia modu ofizialean. “Urtarrilaren bukaeran edo otsailaren hasieran herriratuko litzateke bere izena”. Proposatutako alkategaiak bat baino gehiago izanez gero, bestalde, barne bozketak antolatu dituzte otsailaren 22tik 24ra, horietatik bat aukeratzeko. Horiek modu telematikoan zein presentzialean egin ahal izango dira.