Euskadiko Zaldi Proba Txapelketa jokatuko dute Aulestin
Domekan (urtarrilak 13) 18:00etan hasiko da lehia, Aulestiko probalekuan. Hiru probalari ariko dira zein baino zein gehiago 2018ko txapela janzteko lehian: Koba eta Juan Uriarte aulestiarrak eta Maumeko Baraiazarra.
Dema hasi baino ordubete lehenago pisatuko dituzte zaldiak. Ohiturazko arau eta baldintzak bete beharko dituzte parte hartzaileek. Aulestiko 950 kiloko harria erabiliko dute.
Euskadiko Herri Kirol Federakundeak kontrolatuko du domekako saioa, eta abere bakoitzak ordu erdiko saioa egin beharko du.
Sariak guztientzat. Hiru parte hartzaileek jasoko dute saria. 2018 Euskadiko Zaldi Proba Txapelketaren irabazleak manta, hiru txapel, oroigarria eta 800 euro jasoko ditu. Txapeldunordeak 700 euro irabaziko ditu eta hirugarren sailkatuak 600 euro.