Enrique Arriaga
Kurutzebarrik orain dela 85 urte hasitako bideri amaiera emango dio Jose Pablo Arriaga eskultoreak
Hutsean izeneko erakusketagaz. Markina-Xemeingo artistak egun lan egiten duen tailerrean bertan hasi zen tradiziozko tailak eta Euskal Herriko altzariak egiten bere aitona. Haren tradizioari jarraitu zioten Jose Mari Arriaga semeak eta Jose Pablo eta Henrike Arriaga ilobek. Aitak kutxaren lanketan eta Euskal Herriko sinbologian sakondu zuen gehiago, Jose Pablo Arriagak, berriz, haratzago eraman du bere obra, sinbologia propioa sortu eta egiten dituen piezetan islatzen du eskultoreak. Horrela hasi zen, esaterako, mugimenduagaz egiten dituen piezekin. Henrike Arriagak ordea, aitaren artisau lanari eman dio jarraipena, Euskal Herriko taila tradizionalerako prestatuta egonik.
Jose Pablo Arriaga artista ‘Hutsean’ erakusketa prestatzen.
Horrela, bi ildo edo lerro eraman dituzte anaia biek aurrera urte askotan: bata Henrike Arriagak egiten zuena tradiziozko elementuekin, eta bestea, Jose Pablo Arriagak daramana bere altzari eta eskulturekin. Baina, Jose Pablo Arriagak jakitera eman duenez, ezin izan dute jarraitu Euskal Herriko kutxaren bideagaz, eta bukaera emango diote bide horri. Artista markina-xemeindarrak azaldu duenez, momentu hori islatu nahi izan du, eta haustura horren erretratu diren
bi obratan banatu du inauguratzear duen erakusketa.
Plastikoa nagusi. “Merkatua aldatu egin da, eskulana garestiagoa da, tailak euren balorea galdu dute eta altzari merkeak nagusitu dira. Ondorioz, tradiziozko elementuekin ez dauka lanik Henrikek”. Hortaz, lanbide hori alde batera utzi eta zabortegi batean ari da lanean. Horren adierazgarri, plastikoak eta beste elementu batzuk aukeratu ditu artistak erakusketa berrirako. “Plastikoaren garaipenak menperatu du artisauen eskulangintza. Horregatik, une honetan, egurrak plastikoaren lana egiten du”. Eraldaketa hori adierazi du alde batetik, lehenengo bildumarekin. “Bilduma oso bat da berziklapenari buruz, bizitza berriari buruz”.
Bestalde, tailak hutsean ontziratu ditu bigarren obra osatzeko. “Kutxen aurrekaldeak dira. Horiek egiten jarraitu barik, bukaera eman eta arropak bezala plastikoagaz gorde ditut lanak. Gainetik edozein kolore edo itxura izan dezakete, baina barruan dagoena nabaritzen da plastikoaren azpian. Plastikoak elementuari biziraupena bermatzen diola dirudi”. Hutsean gordeko dituzte orain lanak, hala badagokio, etorkizunean berreskuratzeko.
Astelehenetik aurrera ikusgai egongo da erakusketa herritar guztientzat. Tailerraren ordutegian bisitatu ahalko dela adierazi du eskultoreak.