Lekeitioko bizikleta sarea hobetuko du udalak datozen lau urteetan
Gero eta gehiago dira batetik bestera ibiltzeko bizikleta aukeratzen duten lekeitiarrak; ume eta gazteak batez ere, baina bai eta helduak ere. Orain dela urte batzuetatik badauzkate herrian txirrinduzaleei begirako errepideak; 2007an egin ziren bizikletaz ibili ahal izateko lehen bide egokituak, hain zuzen. Baina pedalkadak herri barruan emateko segurtasun falta nabaritu dute azkenaldian txirrinduzaleek. Kezka horri kolpeta, herri barruko bizikleta sarea egokitu eta herrian zehar bizikletaz gozatu eta errepidean seguru ibili ahal izateko neurriak hartuko ditu datozen urteetan Lekeitioko Udalak.
Orain arte herrian egon diren bizikleta bideak ere kontuan hartuta, Lekeition 6 kilometro eta erdiko bizikleta sarea osatzeko plangintza prestatu dute, udalerriko bizikleten lehen ibilbideak garatu zituzten Iniciativas Ambientales enpresaren laguntzagaz. Gune batzuetan eurentzako bide bereiztuak izango dituzte txirrindulariek; beste batzuetan, oinezkoekin eta motordun ibilgailuekin batera ibiliko dira bizikletak, bizikidetzan.
Ateatik Juan Bautista Eguzkitzarainoko tartea egokituko dute aurten
Ia herrigune osoa hartuko duen bizikleten sarea bost zatitan bereizi dute: Larrotegi eta ikastetxe guneetatik Eskolaperainokoa, Juan Bautista de Eguzkitzaraino; Paskual Abaroatik Talara; Merkatua, Paskual Abaroa eta Santa Katalina itsasargira artekoa; Eskolapetik Karraspio hondartzara eta Iñigo Artieta etorbidetik herriko irteerarantz Lea ibilbideagaz lotura egin asmoz.
Egituratu duten bizikleta sarea egiteko orain arte zegoena aztertzea izan da eman duten lehen pausoa. Horren arabera, bizikletak, oinezkoak eta motordun ibilgailuen bizikidetza izango da nagusi. Hala eta guztiz ere, bizikletentzako espazio zabalagoak sortzeko asmoa daukate, eta bizikleta indartuko dute motordun ibilgailuen zirkulazioaren aurrean, txirrindularien lasaitasuna eta segurtasuna areagotzeko.
Hartuko dituzten neurrien artean, abiadura murriztea izango da bat. Aurretik ere 20 eta 30 kilometrotako abiadura daukate zehaztuta hainbat kalek, eta abiadura hori errespetatzen dela bermatzeko neurriak ere proposatu dituzte azterketa egin duen Iniciativas Ambientales enpresakoek.
Txirrindulariak seguru ibiltzeko hainbat neurri hartuko dituzte
Bizikleta bideak aztertzeko txirrindulariekin eta gazteekin elkartu dira, euren ikuspuntua eta kezkak ere jaso nahirik. Bederatzi gune kritiko detektatu dituzte. Atea kalean, esaterako, ibilgailuak abiadura handiagoan ibiltzen direla eta errailak okupatzen dituztela ikusi dute. Horrez gain, Larrotegitik Talarako bidean eta Karraspiorako bidean bizikletak eta ibilgailuak batera joatean txirrindulariek babes falta nabaritzen dutela antzeman dute.Bestalde, ikuspen nahikorik ez daukaten puntuak ere aurkitu dituzte.
Horri guztiorri aurre egiteko sistema bat pentsatu dute, bizikleta indartzeko. Erdigune osoa abiadura ezberdinekin banatu dute, eta Ingurune Lasai esparrua sortu dute. Hau da, Lekeitioko herrigunean oinezkoek eta bizikletek edukiko dute lehentasuna. Ingurune lasai horretara hiru ate edo bideetatik sartu ahalko da. Hiru ate horiek identifikatuta egongo dira, eta, beraz, bertara sartzen diren ibilgailuek espazio horretan hartu beharko dituzten neurriak argi egongo dira, abiadura zehatz bat eramatea, esate baterako.
Sarrerak adierazteko seinalizazio bertikala eta zeharkakoa erabiliko dute, eta hortik aurrera, esparru osoan bizikletaren presentzia indartzeko adierazgarriren bat ezarriko dute. Bizikletak, esate baterako, kale erdi-erditik joango dira, era horretan euren prezentzia nabarmendu eta indartzea da helburua.
Lau urteko lanak. 2022ra bitartean tarte guztiak osatzen eta egokitzen joango direla jakinarazi dute, gunez gune. Planaren guztizko aurrekontua 177.857,57 eurokoa izango da, eta lehenengo fasea aurten hasiko da, 25.170 euroko aurrekontuagaz. Lehen fase horretan Paskual Abaroa etorbidea egokituko dute bizikletentzat, institutuko sarreratik Juan Bautista Eguzkitzaraino. Tarte horretan dagoen bizikleten errepidea okupatu eta igarobidea oztopatzen dute sarri ibilgailuek. Hori dela eta, piboteak jartzea aurreikusi du udalak.
Horrez gain, bizikleten bidea zabalduko dute eta ibilgailuen abiadura lasaitzeko neurriak hartuko dituzte. Tarte horretan dagoen oinezkoen zatian, berriz, oinezkoek edukiko dute lehentasuna beti.