Ondarroako gurutze frankista eraitsi dute
Udal iturriek jakitera eman dutenez, Arta muturreko begiratokian zegoen monumentuak ez zuen memoria historikoaren legea betetzen, eta Eusko Jaurlaritzak monumentua kentzeko eskaria egina zuen.
Baleares gerraontzian zihoazen herritarren omenezko gurutzea domekan [urtarrilak 13] eraitsi zuten ezezagunek, mailu pneumatikoak eta rotaflexa erabilita. Monumentua zelan eraisten zuten bideoz grabatu dute, eta sare sozialen bidez zabaldu.
Udal iturriek jakitera eman dutenez, Arta muturreko begiratokian zegoen monumentuak ez zuen memoria historikoaren legea betetzen, eta Eusko Jaurlaritzak monumentua kentzeko eskaria egina zuen. “Ondarroako Udala lanean ari zen hainbat eragilerekin auzi honen inguruan, monumentua bota eta bertan memoria gune bat eraikitzeko. Egoera berri honetan, martxan zeuden prozedurak gelditu, eta herritarrekin erabakiko du udalak bertan zer egingo den”.
Udalak nabarmendu duenez, ez du monumentu frankista berriz eraikiko. Gunea, orain, hesituta dago, eta gaineratu dutenez, hondakinak jasotzeko ardura udalarena izango da, lurrak bere eskumenekoak direlako.
Udalaren proposamena monumentu hori kendu, eta beste oroigarri bat eraikitzea zen, itsasoan hil diren herritar guztien omenez. “Ondarroako bezalako arrantzale herri bat beharrezkoa du halako oroigarri bat, eta euren senitarteko bat itsasoan galdu duten familiek ere merezi dute halako leku bat”.
Ondarroan Erorien harana modura ezagutzen da lekua, eta monumentua 1938ko martxoaren 6an Baleares itsasontzi frankistan hil ziren ondarrutarrei eskainia zegoen. Ontzia Palos lurmuturruarren (Murtzia, Espainia) inguruan hondaratu zen. Tartean, hemezortzi ondarrutar hil ziren eta beste 29, onik atera ziren.
1958an eraiki zuten gurutzea garai hartako udal frankistaren eta aldundiaren eskariz. “Monumentuan, hildako ondarrutar horien izen-abizenak agertzen dira, honako esaldiarekin batera: Jainkoaren eta Espainiaren alde beren bizia eman zuten ondarrutarren omenez“.
Aurretik, berriz, beste monumentu bat eraiki zuten portuan 1940ean, baina denborale batek apurtu zuen. 1942an hildako haien omenezko monumentua berreraikitzeko jaso zuen udalak, eta urte asko pasatu ziren monumentua berriro eraiki arte. 1952an hasi zuten monumentua berreraikitzeko proiektua. 1955ean aldundiak Berrizko Eulogio Olabegoiari esleitu zizkion lanak.
Hildakoen omenezko mauseleo bat ere egin zuten hilerrian. Gaur egun, mauselo horrek hilerrian jarraitzen du, baina lehen zeuzkan idatziak kenduta dauzka.