Mutrikuko Berdel Aipamenerako hautagaiak proposatzeko epea zabalik dago urtarrilaren 31 arte
Mutrikuko Udalak, aurten ere, Berdel Aipamena saria jasotzeko hautagaiak proposatzeko, eta ondoren horietako baten artean erabakitzeko aukera eman die herritarrei. Proposamenak urtarrilaren 31 arte jasoko dituzte.
Mutrikuko Udalak iragarri duenez, herritarrek aurten ere Berdel Aipamena saria jasotzeko hautagaiak proposatzeko, eta ondoren horietako baten artean erabakitzeko aukera edukiko dute. Hautagaiak proposatzeko epea zabalik dago urtarrilaren 31 arte; proposamenak Mutrikuko web atarian edo turismo bulegoan eta udal liburutegian jarriko diren kaxetan jasoko dituzte. Berdel Aipamena, berriz, martxoaren 29an banatuko dute.
Udalak, iaz egin modura, aurten ere prozesua herrira zabaltzea erabaki du. “Iaz izandako arrakasta kontuan harturik, aurten ere herritarrek aukera izango dute Berdel Aipamenerako hautagaiak aurkezteko. Pauso txiki honekin Mutrikuko Udalak herritarren inplikazioa eta parte hartzea bultzatu eta indartu nahi ditu, Berdel Egunaren antolaketan parte hartzaile gehiago sustatu, eta gainera parte hartze ohiturak herrian bultzatzeko. Horrez gain, herritarrek hautagaiak proposatzeko aukera zabaltzeak ikuspegia zabaldu, eta ekimena aberastuko duelakoan dago udala”.
Hautagaia pertsona fisiko bat, elkarte bat, entitate bat, proiektu bat… izan daiteke. “Hautagaik ez du Mutrikukoa izan beharrik, baina nolabait herriarentzako onura bati loturik egon behar du”. Hautagaitza aurkezterako garaian, gainera, kontutan eduki beharko da aurretik zeini eman zaion aipamena, ez errepikatzeko.
Honako irizpideren bat bete beharko dute hautagaitzara aurkezten diren pertsonek, beti ere, Mutrikuri begirako ikuspegi batetik hartuta:
-
Mutriku kanpoan ezagutzera ematen du, herriaren irudi on bat zabalduaz.
-
Bere ibilbidea edo historiaren pisua.
-
Mutrikurentzat ekarri duen onura.
-
Mutrikuko historiarekin edo Mutriku itsas alorrarekin erlazioa izatea.
-
2019an, Mutrikuko ekimen berezi bati loturik egotea.
Honakoak dira orain arte Mutrikuko Berdel Aipamena jaso dutenak:
- 2001. Arrantzaleei-Maritxu benteria
- 2002. Zizzo kontserba egileak
- 2003. Sadako kofradia
- 2004. Moja Agustindarrak
- 2005. Luis Peña Gantxegi
- 2006. Kresan eta Elenita Berria itsasontziak
- 2007. Ziriako Andonegi, Txairo, Itoitz eta Delirium Tremens
- 2008. Amets Txurruka txirrindularia
- 2009. Mutrikuko Sokatira Taldea
- 2010. Akelarre eta Goizeko Izarra antzerki taldeak
- 2011. Jesus Mari Narvaez eta Esperantza Azkarraga
- 2012. Mutrikuko Musika Banda
- 2013. Jontxu Elordi eta Juan Lareina
- 2014. Garai bateko arrain saltzaileak
- 2015. Goize Izarra dantza taldea
- 2016. Iñigo Lezertua
- 2017. Yurrita Kontserbak
- 2018. Goizeko Izarra ikastola