Bizkaiko taldekako bertso txapelketan parte hartzeko izen emateko epea amaitzear da
Txapelketan parte hartzeko asmoa dutenek urtarrilaren 21a dute izena emateko azken eguna. Bizkaiko Bertsozale Elkartera deitu (94-681 22 11) edo posta elektronikoa idatzi behar da (bizkaia@bertsozale.eus).
2017an egin modura, aurten ere Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Bizkaiko Taldekako txapelketa egingo du. Txapelketan parte hartzeko asmoa dutenek izena eman behar dute, eta urtarrilaren 21a (astelehena) arteko epea ezarri dute. Horretarako, Bizkaiko Bertsozale Elkartera deitu edo idatzi behar da: 94-681 27 11 edo bizkaia@bertsozale.eus.
Txapelketaren helburu nagusia Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartzea da; eskualde eta bertso eskolen arteko elkargune ludikoa bultzatzea. Orain dela bi urte 30 taldek (200 parte hartzailetik gora) parte hartu zuten, eta horien artean egon ziren Lea-Artibaiko eta Busturialdeko hainbat talde.
Markina-Xemeinen egin zuten finalean etxekoak nagusitu ziren. Hain zuzen, Akerbeltzen antxumak taldean Josune Aramendik, Nahia Ibarzabalek eta Nerea Ibarzabal bertsolariek, Maddi Ibaibarriaga gai-jartzaileak, eta Jone Ansotegi epaileak osatutako Akerbeltzen antxumak taldea nagusitu zen. Aipatu taldeagaz batera, Abadiñoko Koipelustre’s eta Iurretako Bertso Taldea sailkatu ziren finalera. Jai giroan egun osoko Bizkaiko bertsolaritzaren festa ospatu zuten, eta goizean eskolarteko finalak jokatu zituzten eta arratsalden taldekako finala.
Ikastaroak. Bestalde, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gai-jartzailetza eta epailetza ikastaroak eskainiko ditu urtarrilean, doan.
Maite Berriozabal Berrizbeitiagaz landuko dute gai jartzaileen lana urtarrilaren 22an (martitzena), BBE-aren Durangoko egoitzan, 18:00etatik 20:00etara. Epailetzari buruzkoa Iñaki Aurrekoetxea Arkotxak emango du leku eta ordu berean, urtarrilaren 29an (martitzena).
Parte hartzeko ikastaro bakoitza baino egun bi lehenagora arte izena eman daiteke, 94 681 27 11 telefono zenbarkira deituta edo bizkaia@bertsozale.eus idatzita.