Ibon Goitia: "Hezkuntza ereduaren inguruan iritzi elkartrukea ematea nahi dugu"
Ibilaldiaren harira, ‘Hezkuntza pauso bat haratzago’ topaketa antolatu du Azkue ikastolak. Urtarrilaren 25ean eta 26an hezkuntza arloko eragileak elkartuko dira Lekeition.
Hezkuntzari buruz hausnartzeko topaketak antolatu dituzue. Horren beharrizana dagoela nabari da?
Ikas Komunitatean hainbat eztabaida ematen ari dira hezkuntza sistema ereduaren inguruan, sindikatu, eskola eta beste eragile batzuen artean ere bai. Orduan, hausnarketa horretarako eremu bat eskaintzea erabaki dugu.
Eragile ezberdinak gonbidatu dituzue parte hartzera.
Euskal Herriko Ikastolen Elkartetik etorriko dira, sindikatuak ere gonbidatu ditugu; LABekoek baieztatu digute parte hartzea, eta ELAkoak etorriko diren ez dakigu oraindik. Urte askotan hezkuntza sistema eredua lantzen aritu den Gonzalo Larruzea ere gonbidatu dugu, bere garaian ikuskaria izan zen, eta gai horretaz ikuspegi zabal bat daukala uste dugu. Steilas sindikatua, EHIGEkoak eta Eskolateko Zuzendarien ordezkaria ere gonbidatu genituen, baina, azkenean, gonbidapenari uko egin diote. Ibilaldiko dinamika hori ez dutela nahi babestu esan dute, eta ezezkoa eman digute. Pena eman digu, gure helburua, batez ere, gaur eguneko gai horren inguruan iritzi elkartruke bat ematea zen eta.
Hasteko, mahai ingurua antolatu duzue kultur etxean barikurako. Zeintzuk gai aterako dituzue mahai gainera?
Ikastetxeek daukaten autonomiari buruz arituko gara, publikotasuna edota titulartasuna azkenean lotuta dauden eremuak dira, eta horri buruzko eztabaida eman nahi dugu, bai eta ikastolak edo eskolak zelan kudeatu jantokiei dagokienean ere. Eztabaida zabalak dira, eta, beraz, batzuetan irizpide ezberdinak izan ditzakegu edota adostasun batzutara ere heldu ahal gara eta Hezkuntza Sailari proposamen bat luzatu. Jorratuko dugun beste gai bat familiak ikastetxeak aukeratzeko daukaten eskubidea izango da. Zeintzuk dira datuak? Zein da benetako egoera? Komunikabide askotan atera da gai hori, Gasteizen gainera zalaparta handia eragin du. Gai horiek ikutzeko asmoa daukagu, ausardi puntu bategaz, baina, beti ere, eztabaida horrek errespetutik izatea nahiko genuke, gaia serio hartu eta elkarri trasteak jaurtitzeko espazio bat ez izatea. Kontrara, aukera bat izatea nahi dugu datuak aztertzeko eta publikotasunaren inguruan eta titulartasunaren inguruan ere eztabaida zabaltzeko. Azkenean, gaur egun publikotasun hori administraziopean dauden ikastetxeekin lotzen da zuzenean, eta Euskal Herrian hori baino gehiago da publikoa, herritarrona, behintzat. Urteek erakutsi digute beste antolakunde desberdin asko ere herriak sortutakoak direla, baina administrazioak diruz lagundutakoak direla AEK izan daitekeen modura, Udako Euskal Unibertsitatea izan daitekeen modura, edo beste antolakunde batzuk. Batez ere, jardunaldi hauei ikuspuntu eraikitzailea eman nahi diegu. Zer ahal dugu eraiki elkarregaz? Hezkuntza momentu honetan administrazioak kudeatzen du, eta Euskal Herrian, gainera, Parisek eta Madrilek agintzen dute. Orduan, aurrera begira, inposatzen diguten eredu horretatik zelan irten ahal garen eta Euskal Herriari begira dagoen beste eskola eredu bat zelan sortu dezakegun ikusi dezakegu. Eskola eta ikastolaren artean elkarlan bat sortu. Denok ditugu gabeziak, baina indarguneak ere baditugu eta, batez ere, azken horrek partekatu eta hutsune horrek zelan kudeatu ditzakegun aztertu, elkarlan batean.
Zapatuan, berriz, herri hezitzaileen kontzeptuaren inguruan ariko zarete Silken Uribarren Jauregian.
EAE mailan, Nafarroa mailan eta Iparraldeko egoeraz gain, herrietan ere zelan hasi ahal garen eraldatzen eta hezkuntza propioak sortzen ikusiko dugu. Horretarako, Hik Hasiko Joxe Mari Auzmendi gonbidatu dugu, eta gero, gaur egunean martxan dagoen Dimako eredua ezagutuko genuke. Familiak, ikastetxeak, baina herriko beste erakundeak ere hezte lan horretan dabiltza, kirol taldeak edo gaztegunea, esaterako. Era kontziente eta antolatu batean egiteko aukera emango luke herri hezitzaile eredu horrek.
Hezkuntza proiektu berri baten oinarria josten hasiko zarete ondoren.
Ikastetxe batean zelan ematen den eredu aldaketa aztertuko da hitzaldian, lehengo eredu horretatik jauzi bat eman eta hezkuntza eredu propio bat sortu arte. Hezkuntza Komunitatean mugimendu handia dago. Guk ikastolan, azken bi urteetan, 100 bisitatik gora eduki ditugu; 100 ikastola eta eskola etorri zaizkigu bisitan, sortu dugun eredu propio hori ezagutzera. Guk herri bakoitzean hezkuntza eredu propio bat egon behar dela defendatzen dugu, eta ez denetan eredu bera: liburu, mahai eta betiko eskema horretan. HUHEZIn ere berrikuntza eta aldaketa prozesu baten egon dira, eta gonbidatu egokiak izan daitezkela ikusi dugu, eurek unibertsitatean eraldaketa hori zelan eman duten ezagutzeko. Eta denen artean eraldaketarako gakoak zeintzuk diren zehaztu dezakegu: umea erdigunean jartzea, espazioak aldatzea, metodologia aldatzea, klase magistralak apurtu eta umeentzako testuinguru ekologikoagoa sortzea… HUHEZIko Arantza Ozaeta eta Ikastolen Elkarteko Zigor Ibarzabal etorriko dira gai horren inguruan berba egitera eta betiko metrodologiatik irteteko gakoak zeintzuk diren azaltzera.
Nori zuzenduta daude batez ere topaketa hauek?
Ikas Komunitatearen parte diren guztiei: irakasle, begirale eta batez ere gurasoei. Hala eta guztiz ere, zabalik dago mundu guztiarentzat. Jende kopurua mugatua denez, parte hartzeko izena eman behar da ikastolaren webgunean.