Partida orekatuak Lekeitioko Beteranoen Txapelketako bigarren jardunaldian
Hiru partida jokatu ziren atzo [urtarrilak 20] goizean, eta hasieratik dena emateko prest daudela erakusten ari dira pilotariak.

Ligaxkaren hasieratik ikuskizuna eskaintzen ari dira Lekeitioko trinketean Beteranoen Eskupilota Txapelketako bikoteak. Hiru partida jokatu ziren atzo [urtarrilak 20] goizean, eta hasieratik dena emateko prest daudela erakusten ari dira pilotariak.
Astigarraga-Gandiaga II eta Beraza-Telleria bikoteen arteko norgehiagoka izan zen atzoko lehenengoa. Antolatzaileek adierazi dutenez, ikusmin handia eragin zuen partiduak zeren eta ligaxka hasi berri badute ere, bikote bi horiek dira aurtengo faboritoak.
Iazko txapeldun Mallabiko Telleriak motel zamar hasi zuen partida, eta Debako Astigarragak eta Berriatuko Gandiaga II.enak abantaila handia hartu zuten markagailuan. “Asti maisu sakeagaz eta Gandiaga II. atzean jaun eta jabe 18-11ra ailegatu ziren erresistentzia barik. Telleriak naiz eta atzean jokatu, sakeak ateratzen hasi da, eta jokaldi horri esker markagailuari buelta eman zion 18-18 berdinduz”, azaldu dute antolatzaileek.
Astigarragak eta Gandiaga IIk, aurrean tanto bikainak eginez eta atzeko teilatuaz baliatuz, 30-22 gainditu zituzten azkenean, Beraza eta Telleria. “Galtzaileek huts asko egin zituzten, baina hurrengoan partidua oso orekatua izan daitekela esan dezakegu”.
Pradera-Gandiaga eta Bastida-Conde bikoteak izan ziren kantxara ateratzen hurrengoak. 30-22 irabazi zuen lehenengo bikoteak, markagailuari buelta emanda. Izan ere, Bastida eta Conde hasi ziren markagailuan agintzen 8-1 eta bazirudien partidua Elgoibar eta Debako bikotearentzat izango zela. Hala ere, Praderak eta Gandiagak lanean jarraitu zuten eta apurka-apurka 14ra berdintzea lortu. Pilota bizia hartuta errez heldu ziren gero, 30. tantora.
Aurrez aurre jartzen azkenak Jaunarena-Foster eta Moral-Egaña izan ziren. 30-21 nagusitu ziren Jaunarena eta Foster. Jaunarena ondo aritu zen aurrean, aginduz eta pilota nahi zuen lekura mugituz, Fosterrek, berriz, zentzu handiz aritu zen atzean, eta bien lanagaz aurrera atera zuten partida, azken aurrekoetara sailkatzeko kontrario zuzen bat gaindituz. “Egaña hobetzen ari da baina oraindik iazko sasoi onetik urrun dago. Moralek partidu gehiago behar ditu bere ohiko joko guztia erakusteko”.
Datorren domekan [urtarrilak 27] jarraituko du txapelketak. Hauek izango dira partiduak:
- 09:30etan : Asti-Gandiaga II/Pradera-Gandiaga I
- 10:15etan : Beraza-Telleria/Moral-Egaña
- 11:00etan : Jaunarena-Foster/Bastida-Conde
Gandiaga anaien arteko partidua eta ligaxkako sailkapenean postua ziurtatzeko Bastida-Conde eta Jaunarena-Foster bikoteen arteko dema nabarmendu dituzte antolatzaileek.