Korrikaldi herrikoiak egingo dituzte Lekeition, eguaztenero
Taldean aringa-aringa egiteko topaketak antolatu ditu Amandarri Triatloi Taldeak. Geralekua Zapaterito frontoia izaten da, eta ordua, 19:00ak.
Amandarri Triatloi taldeak korrikaldi herrikoiak eskaintzen ditu astero. Deialdi zabala izaten da eta orain arte martitzenetan izan den topaketa egunez aldatu eta eguaztenera aldatu dute.
Astero 10 – 15 lagun batzen direla jakitera eman du Lekeitioko taldeak; hitzordua 19:00etan izaten da Zapaterito frontoian. Taldean korrika egitearen helburu nagusia “herritarrak kirola egitera animatu, jarraibide batzuk ezagutzera eman eta giro eder baten jende ezberdina ezagutzea” dela azaldu dute, eta parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Bestalde, hilean behin, herriko ume guztiei zuzendutako ekintza ezberdinak ere antolatuko dituztela jakitera eman dute Amandarrikoek. Domeka honetan [urtarrilak 27] adibidez, eguraldiak laguntzen badu futbol zelaian trantsizio batzuk landuko dituzte, eta bestela, jolasak egingo dituzte kiroldegian.