Neguko astegunetan portua zabaltzea eskatu dio Lekeitioko EH Bilduk udalari
Neurriak ahalik eta azkarren hartzea ere eskatu diote udalari, "automobilen joan-etorria bertatik ziurtatzeko eta hauek bertan aparkatu ahal izateko neurriak hartuz".
Neguan portua itxita egoteak zenbait herritarrengan eragindako kezkari erantzun nahirik Koldo Goitia Lekeitioko alkateari zuzendutako idatzia aurkeztu du udaletxean Lekeitioko EH Bilduk. Neguko astegunetan portua zabalik egotea eskatzen diote udal gobernuari.
Herriak bizitzeko atseginagoak izan daitezen, irisgarri eta kalitate hobeko esparruak egin behar direla dio Lekeitioko EH Bilduk “oinezkoentzako eremuak irabaziz eta automobilen gehiagizko erabilpena eragotziz”. Hala ere, portu inguruko auzotarrak portuaren itxiera kezka handiz bizi dutela diote, “eta beraz, gitxienez entzun egin behar zaie”.
EH Bilduko ordezkariak esan dutenez, auzotarrekin batu dira eta “zentzuzkoak” iruditu zaizkie eman dizkieten arrazoiak. “Lekeition neguko errealitateak erakusten du egoera erabat ezberdinak bizi ditugula udan eta neguan. Hau da, neguan be portua zarratua egoteak mesedeak baino kalteak handiagoak dira. Hala bizi dute auzotarrak”.
Hori dela eta, auzotarren eskaerazgaz bat egin eta udalak hartuta daukan erabakia “malgutu dezakeela” uste dute. Gainera, neurriak ahalik eta azkarren hartzea ere eskatu diote udalari, “automobilen joan-etorria bertatik ziurtatzeko eta hauek bertan aparkatu ahal izateko neurriak hartuz”.
Urrian hasitako neurria. 2017 eta 2018ko uda osoan portua oinezkoentzako gune izan ondoren, neurria negura luzatzea erabaki zuen Lekeitioko Udalak iaz. Horrela, 2018ko urriaren 1etik aurrera portuak oinezkoentzako gune izaten jarraitu du. Hori dela eta, Marina tabernatik komandantzia pareraino ezin dira autoak aparkatu 14:00etatik hurrengo eguneko 08:00etara bitartean. Domeka eta jai egunetan, berriz, aparkatzea debekatuta dago eguneko ordu guztietan.