Teri Ibarrola ipuin kontalari aulestiarraren ibilbidea, Wikipedian
Durangoko Andereak emakume taldearen ekimenez sartu da Lea-Artibaiko beste emakume erreferente bat Euskal Wikipedian.
Beste behin ere, Durangoko Andereak emakume taldearen ekimenez sartu da Lea-Artibaiko beste emakume erreferente bat Euskal Wikipedian. Eleuteria Ibarrola, Teri Ibarrola (Aulesti, 1918-1987) ipuin kontalarik aitarengandik jaso zuen ipuinenganako zaletasuna; aita zen ipuin kontalaria eta ipuin zalea zen. 1964an eta 1970ean Arantzazu aldizkarian argitaratu zituzten Ibarrolaren ipuinak, “magnetofoian hartuta” han dioenez. Ondoren diskoan grabatu zituzten. Euskaltzaindiak antolatutako zenbait ekitalditan parte hartze arrakastatsua izan zuen.
Urtebeteko lanaren ostean, 2018ko urriko ondare jardunaldietan, Teri Ibarrola ezagutzeko ekimenak antolatu ziren. Herritar askoren parte hartzearekin Aulestiko Ondare Elkarteak Teri Ibarrolak grabatutako ipuin zaharrekin eta haien bertsio modernoekin disko ilustratu bat kaleratu zuen. Aintzane Arrietak Teri Ibarrolaren figura aztertu eta hitzaldia eskeini zuen.
Andereak elkarteak emakume euskaldun erreferenteen inguruko informazioa ari da jasotzen Wikipedian, euskarazko bertsioan zein gaztelaniazkoan. “Gaztelaniazkoa beranduago elikatzen dugu”. Dina Bilbaogaz eta Ibarrolagaz egin modura, herritarrek emakume erreferente baten inguruko informazioa entziklopedia digitalean ikusi nahi badute, taldeari proposamena egin ahal diote. “Proposatu dezatela, eta gu saiatuko gara informazioa jasotzen, erreferentziak bilatzen eta sareratzen”.