Hasi da Bizkaiko sagardo denboraldia
Txotx denboraldiari hasiera eman dio Onintza Enbeita bertsolari muxikarrak gaur goizean, Zornotzan. Sagarraren ekoizpena iazkoa baino txikiagoa izan den arren, horien kalitatea nabarmendu dute sagardogileek.
Onintza Enbeita bertsolari muxikarra da aurtengo Bizkaiko Sagardoaren enbaxadorea. Karguaren lekukoa hartu eta bertso bategaz hasi du sagardo denboraldia Zornotzako Uxarte sagardotegian.
Bizkaiko sagardogileek esan dute beraientzat ohorea dela Enbeita aurtengo enbaxadorea izatea, baina Enbeitarentzat, ohorea berea da: “Bizkaiko Sagardogileen Elkartea aspalditik ezagutzen dut, askotan elkarlanean aritu gara, eta orain beraien enbaxadorea izatea ohorea da niretzat. Bertsolari moduan hazten ikusi naute, eta eurak ikusi ditut nik. Bizkaiko txapela irabazteko lan handia egin behar da, baina badirudi sagardoaren enbaxadore izateko sagardoa edatea nahikoa dela, eta lan erraza ipini didazuelakoan nago”.
Guztira 11 ekoizle daude Bizkaian, lau Lea-Artibain: Berriatuan, Gizaburuan, Mendexan eta Markina-Xemeinen lantzen dituzte sagarrak.
Aurtengo sagarren ekoizpena iazkoa baino txikiagoa izan den arren, haien kalitatea nabarmendu dute sagardogileek; 108.000 litro ekoiztu dituzte aurten, iaz baino 92.000 litro gutxiago. Aitor Intxaurraga Bizkaiko Sagardogile Elkarteko presidenteak 2017. urteko uztak aurtengoan eragin handia izan duela aitortu du: “2017. urteko uzta inoizko handiena izan zen, eta horrek 2018. urteko sagarrak markatu zituen. Negua ona izan da zuhaitzentzat, baina iazko maiatzeko eguraldiak ez zuen lagundu, eta sagar asko galdu ziren”.
Sagardoaren hartzidura, berriz, “oso ondo” joan da, eta sagar ardoak iaz baino alkohol gehiago dauka, %6,5 inguru. “Udan eguraldi lehorra egin zuenez, azukre gehiago eduki dute sagarrek, eta, ondorioz, alkohol kantitate handiagoa dute. Gorputz aldetik, oso ondo daude, eta sagardo gozoa atera da”.
Produktu berriak ekoizten. Intxaurragak sagar zukuak ekoizten hasi direla aitortu du gaur. Izan ere, Bizkaiko sagarrak bultzatzea eta ekoiztutako sagarrekin produktu berriak ekoiztea dira beraien asmoetako batzuk. “Bide berriak ere landu behar ditugu, gure helburua inguruetako baserrietako ekoizpena bultzatzea delako”.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Peli Manterola Eusko Jaurlaritzako Kalitatearen eta Elikagaien Industrien zuzendariak ekoizpen berriak bultzatu egin behar direla dio: “Merkatuak gehiago eskatzen dituen produktuak dira sagardoak edota sagar zukuak, eta erronka horiek merkaturatzeko orduan Jaurlaritzaren laguntza izango duzue”.
Eusko Jaurlaritzaren erronka nagusiak bertoko ekoizleen produktuen aldeko apustua egitea eta produktuen kalitatea bermatzea direla adierazi du: “Bertako sagardoa bertako sagardoagaz egitea ez da gauza berri bat, eta bere garaian horren aldeko apustua egin zutenak zoriondu gura ditugu”.
Onintza Enbeita enbaxadore izatearen garrantzia ere azpimarratu du ekitaldian Manterolak: “Hito bat izan da bertsolaritzan Enbeitak lortu duena, eta gaur Bizkaiko sagardoaren enbaxadorea izatea ere, beste lorpen baten moduan definituko nuke”.
Maite Peñakoba Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendari nagusiak autengo sagardoaren kalitatea eta sagardogileen lana eskertu ditu. Aurten 100.000 euroko diru laguntza eman dietela azaldu du, eta berdin jarraitzeko asmoa daukatela adierazi du aldundiko nekazaritza zuzendariak: “Ustiategi eta sagardogileei laguntza eta babesa ematen jarraitu gura dugu; sektorea bultzatzen eta gure sagarra ekoizten jarraitzea da gure helburua”.