Mutrikuko EH Bilduren iritziz, udal gobernuak herrian gauza gehiago egin zitzakeen azken agintaldian
Agintaldi lasaia izan bada ere, udal gobernuak hartutako erabaki batzuekin bat ez datozela agertu dute Mutrikuko EH Bildukoek.
2015-2019 agintaldia amaitzear dela, EAJk B+I taldearen babesarekin udal gorbernua sortu zutenetik egin duten ibilbidearen balorazioa egin nahi izan du Mutrikuko EH Bilduk. Adierazi dutenez, azken agintaldian herrian gauza gehiago egin ez izana pena bat da. “Aukerak egon dira, baliabideak egon dira, ideiak egon dira, baina nahikoa egin al da?”.
Lau urte igaro badira ere, oraindik ere “harridura soinetik kendu ezinik” dabiltzala ere nabarmendu dute, “B+I koalizioak EAJri emaniko alkatetza dela-eta, gehiengoa zuen indar politikoa oposiziora bidaliz”.
Agintaldi lasaia izan bada ere, udalak hartutako erabaki batzuekin bat ez datozela agertu dute. Koalizio abertzalearen iritziz, udalak kudeaketa ahula egin du; egoera ekonomiko ona eduki badu ere, udal gobernuak ez du jakin diru baliabide horiek modu egokian kudeatzen. “Horrek dirua pilatzera eraman du, azken txanpan presaka gastatzeko. Milioi bat euro baino gehiago pilatu ditu udalak, eta gastatu ezinik ibili da, nahiz eta alderdion adostasuna izan hainbat proiektu bideratzeko”.
Gainbera etorritako lehen sektorea baztertu izana ere egotzi nahi izan diote udal gobernuari. “Ematen zuen udala aurreko agintaldian hasia zela beste erakunde batzuekin batera gure herrian itsasortik eta baserritik bizi nahi zutenentzako bidea irekitzen, baina agintaldi honetan itxi egin dira bide horiek, eta, gurean industriaren presentzia hutsaren hurrengoa izanik, turismoari begira jarrita utzi du herria, eta horretan ere ahul. Ikusi besterik ez dago, adibidez, Kofradia Zaharraren egoeraren kudeaketa”.
Herritarrentzako informazioa eta herritarrekiko iritzi trukean udal gobernuak ezer gutxi egin duela azpimarratu dute.
Mutrikuarrek pairatzen dituzten egoerak hobetzeko, berriz, Gizarte ongizate arloan ere udal gobernuak ez duela nahikoa indar jarri diote. “Adibidez, egoera prekarioan bizi diren hainbat edadeturen, gazteren, alargunen, pentsiodunen… bizimodua hobetzeko”.
Bestalde, hirigintza arloan alderdien arteko adostasunak bilatu eta etorkizuneko Mutriku prestatzen hasteko zaharkituta dauden arau subsidiarioak berritzeko urratsik eman gabe geratu dela adierazi dute, “etorkizuneko Mutriku pentsatzeko herriaren ezaugarriak eta herritar guztien iritziak kontuan hartu eta prozesuaren gidari agertu gabe”.
Azkenik, herritarrentzako informazioan eta herritarrekiko iritzi trukean udal gobernuak ezer gutxi egin duela azpimarratu dute. EH Bilduren ustez, udala herritarrekiko hartu-eman etengabean egon behar litzateke. “Gai garrantzitsuetan etorkizunean herritarrentzako eragin handia izango duten gaietan parte hartze prozesuak abiatzea ere ona izango, baina horrelakorik ez da egon. EH Bilduk eskatu arren, EAJ eta B+I inoiz ez direlako horren alde egon”.