Zaldupe eskola publikoren abestia, Uriberen hitzekin eta Agirretxearen doinuagaz
Ikastetxe publikoak bazuen aurretik idatzitako ereserki propia, baina "garai berrietara" egokitzen den kantu berria egitea eta grabatuta uztea erabaki dute.
Ondarroako Zaldupe Eskola Publikoak abesti berria sortu du: Bazen behin Zaldupe. Kirmen Uribe idazleak kantuaren hitzak idatzi ditu eta Keu Agirretxea musikariak, berriz, doinua jarri die Uriberen hitzei, ikastetxeko zuzendaritza batzordeko kideen eskariz.
Ikastetxe publikoak bazuen aurretik idatzitako ereserki propia, Erlategi bizi bat, baina “garai berrietara” egokitzen den kantu berria egitea eta grabatuta uztea erabaki dute. “Urtean behin kantatzen genuen, ikasturte bukaerako jaialdian, baina ez zegoen grabazio batean jasota”.
Kantuan herriko hainbat aurpegi ezagunek parte hartu dute; Keu Agirretxeak, Goretti Serranok, Ana Elordik, Asier Ituartek, Mikel Arakistainek, BeƱat Bidegainek, Ane eta Nora Agirrek (Biren), Kemen Lertxundik, Markos Unzetak, Eihar Uribek, Leire Gomezek… eta eurekin batera ikastetxeko ikasleen, ikasle ohien, irakasleen, gurasoen eta beste hainbaten ahotsak batu dituzte.
Grabaketari dagokionez, kantua Mutrikuko AME estudioetan grabatu zuten abenduaren amaieran. Eta lana bistaratzeko, grabaketan jasotako irudiez osatutako bideoa egin du Josu Eizagirrek. Zaldupekoak pozik agertu dira kantuaren eta bideoaren emaitzagaz. “Kantua grabatzea oso polita izan da. Denek ilusio handiagaz parte hartu dute”.