Lasok ordezkatuko du Urrutikoetxea Markina-Xemeingo norgehiagokan
Pilotak aukeratu dituzte gaur goizean Aretxabaletak, Lasok, Artolak eta Mariezkurrena II.ak. Etxean jokatzeko gogoz dago Markina-Xemeingo pilotaria.
Mariezkurrena II., Artola, Laso eta Aretxabaleta pilotak aukeratzen Markina-Xemeingo frontoian. Unai Lasok hartuko du Mikel Urrutikoetxearen lekua zapatuan [urtarrilak 26] Markina-Xemeinen. Gaur goizean [urtarrilak 24] baieztatu du Baiko Pilotak Urrutikoetxearen ordezkapena, Zaratamoko pilotariak ezkerreko eskuan mina izaten jarraitzen duela azalduz. Beraz, Bizkarreta-Gerendiaingo pilotaria izango du lagun Andoni Aretxabaletak bere herrian jokatuko duen Binakako Txapelketako partiduan. Artola eta Mariezkurrena II.ena izango dituzte aurkari. Laurak, Martin Alustiza eta Ruben Beloki Baiko enpresako intendenteak lagunduta egon dira gaur goizean Markina-Xemeingo frontoian egin duten piloten aukeraketan.
Aukeraketa laburra izan da gaurkoa. Bikote bakoitzak zer komeni zaion ondo dakiela argi utzi dute. Bi minututan aukeratu dituzte pilotak Aretxabaletak eta Lasok, eta Artolak eta Mariezkurrena II.ak 8 minutu besterik ez dituzte behar izan zapatuan eskuetan eduki nahi dutena aukeratzeko.
Aretxabaletak eta Lasok behean pixka bat laban egiten dutenak, lurretik asko ateratzen ez direnak eta frontisetik asko irteten ez dutenak aukeratu dituzte. Biziagoak izango dira, ordea, Artola eta Mariezkurrena II. arenak, atzean botea hartzen dutenak. “Jonek ondo emanez gero urrunean ipiniko du pilota. Hala ere, Unaik ere gogor jotzen du, eta ondo joz gero, dantzan jarriko ditu besteak” adierazi du Andoni Aretxabaletak.
Aurtengo Binakakoan Unai Lasogaz arituko den bigarren astea izango da Aretxabaletarentzat. Ez dauka “ezelako kejarik”. Laso maila gorenean jokatzeko moduan dagoen pilotaria dela azpimarratu du. “Aurreko astean ere erakutsi zuen”. Aurretik ezagutzen dira, eta elkarrekin entrenatu dute. “Atzelariari asko laguntzen dion pilotaria da, eta nik konfidantza asko daukat beregan”.
Orain arte ez dutela txapelketa onik egin aipatu du Aretxabaletak. “Aurreko asteetan ere nik ez dut nirea eman eta egia esan pixkat sentzazio eskasekin gatoz, baina zapatuan hemen, jendearen laguntzagaz eta Unairen laguntzagaz, ea partidu on bat egiten dugun eta jendea pozik ateratzen den”.
Azaldu duenez, herrian jokatzeak ez dio presiorik eragiten, alderantziz, astebururo ere jokatuko luke bertan gustora. Izan ere, urte osoan itxaroten duen hitzordua dela dio. “Aurten, aspaldiko partez, binakako txapelketako partida bat herrian jolasteko aukera daukat”.

Mariezkurrena II., Artola, Laso eta Aretxabaleta pilotak aukeratzen Markina-Xemeingo frontoian.
Aurkariak gogor ikusten ditu. “Iñaki joko maila itzelean dago udatik, eta ez da gelditu ere egin. Jonek ere bere maila erakutsi du txapelketan. Frontoi hau, gainera, beretzat, dagoenik eta onena ez bada hor ibiliko da, altura asko dauka eta berari ondo datorkio altura”. Mariezkurrenak dominatuko du bere ustez, eta bere lana Lasori ahal duen guztian laguntzea izango dela azaldu du. “Ea partidu txukun bat egiten dugun”.
Seigarrenaren bila. Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrenarentzat ere partidu garrantzitsua izango da zapatukoa. Laugarren postuan daude momentu honetan bost puntugaz, eta aurrekoek ihes egitea ez zaie komeni. “Egia da aurkari izan litezkeenen kontra dituzun partidu horiek bereziki inportanteak direla norberak puntua atera eta besteei ateratzea galerazten diezulako. Guk zapatuko partidua irabaziko bagenu beraiek erdi jokoz kanpo utziko genituzke, eta alde horretatik, aurrerapauso handia emango genuke”, azaldu du Artolak.
Eskutik hobeto dagoela ere esan du Tolosaldeko pilotariak. Partidu bat utzi behar izan zuen, baina bere helburua aurrerantzean partidurik hutsik egin gabe mejoratzen joatea zela argitu du. “Esango nuke izan ditudala orain baino askoz okerrago egonda jokatu ditudan partidak eta erreakzio bastante ona egin dit eskuak, nahiko gustora nago”.
Azken partiduko sentsazioak ez ziren oso onak izan Artolarentzat. Hala ere, eskua hobeto izateak konfidantza ematen dio datorren partidua jokatzeko. “Aurrekoan ere partidu txarrena jokatu ondoren jokatu genuen onena, eta ea oraingoan ala gertatzen den”.
Markina-Xemeingo frontoian behin egon da Artola, eta zestarako egindakoa bada ere, eta eskurako handia aukeran, zorua zein ezker pareta nahiko nobleak dituela iruditu zaio. “Berezia bai, baina txarra ez da, aitzakiarik ez dauka”.
17:45ean hasiko da Markina-Xemeingo pilota jaialdia. Promozio mailako txapelketako finalaurrekoak jokatuko dira aurretik Agirre-Salaberri eta P. Etxeberria-Garmendia bikoteen artean. Ondoren hasiko da EPELren Eskuz Binakako Txapelketako partidua. Sarrerak bihar eta etzi ere eskuratu ahalko dira frontoiko leihatilan 16:30etik aurrera.