'LekeitioRoute' smartphonetarako aplikazioa aurkeztu dute Fiturren
Aplikazio berritzaile horrek, ahots zein testu bidez azalduko ditu Lekeitioko kaleen xehetasun eta istorioak.
Aste honetan Madrilen egiten ari den Fitur Nazioarteko Turismo Azoka ospetsuan daude Lea-Artibaiko ordezkariak, eskualdearen berri eman eta Lea-Artibaiko eskaintzak aurkezteko. Atzo, esate baterako, Lekeitiok 2019an izango dituen eskaintza eta berrikuntzak aurkeztu zituzten. Hainbat ekimen azaldu zituzten Lekeitioko Udaleko ordezkariek, euren artean aste gutxi barru martxan egongo den LekeitioRoute izeneko mugikorretarako aplikazioa.
“Teknologia berrien eran gaude eta ondorioz, turismoa egiteko eta kontsumitzeko ohiturak ere aldatu egin dira. Garai berri honekin bat eginez LekeitioRoute sortu da, gure herriko gune ezberdinak eta hainbat ibilbide ezagutzeko gida turistikoa”, jakitera eman zuen Koldo Goitia Lekeitioko alkateak. Azaldu zuenez, aplikazio berritzaile horrek, ahots zein testu bidez azalduko ditu Lekeitioko kaleen xehetasun eta istorioak.
“Aplikazioa jaitsi eta ireki ostean, tour hurbilena nondik hasten den adieraziko da eta bertara hurbiltzean, gida turistikoa martxan jarriko da ahots zein testu bidez, inguruan ditugun eraikin edota kaleen informazioa, xehetasunak eta bestelakoak adieraziz”. Gainera, gune baten datuak eskaini ostean, tour hori nondik jarraitu ere adieraziko du. Lekeitio modu dinamiko eta eroso batean ezagutzea dela helburua azpimarratu zuen alkateak, “guztion eskura dauden smartphonen erabileraz baliatuta”.
Turismoa garatzen ari dela eta teknologiaren erabilerak bide berriak ireki dituela ikusten du Lekeitioko Udalak. “Gero eta erabiltzaile gehiago dira smartphone-ak erabiltzen dituztenak herrien inguruko informazio bilatzeko eta, horretaz baliatuz, Lekeitioko Udalak tresna berritzaile bat eskaini nahi die herria ezagutzera etortzen direnei”.
Azken batean, Lekeitioko informazioa “modu arin eta erosoan” denen eskura jartzea dute xedea.