Mutrikuko Udalak Arrietakua ezagutzeko bisita gidatuak aurkeztu ditu Fiturren
XVIII. mende hasieran eraikia, jauregiak Interes Kulturaleko Ondare izendapena dauka eta Gipuzkoan ondoen gordetzen den ondare-baliabideetako bat da.
Mutrikuko Udalak Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuak aurkeztu ditu gaur [urtarrilak 24] Madrilen (Espainia) ospatzen ari den Fitur Nazioarteko Turismo Azokan. XVIII. mende hasieran eraikia, jauregiak Interes Kulturaleko Ondare izendapena dauka eta Gipuzkoan ondoen gordetzen den ondare-baliabideetako bat da. Jauregia Mutrikuko Hirigune Historikoan dago, 1995az geroztik monumentu multzo izendatua. «Gaurdaino bertan bizi izan da familia eta bere horretan mantendu da», azaldu dute.
Arrietakua Jauregia iazko ekainean zabaldu zuten jendaurrera Mutrikuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Enrique Areilza Churruca Mutrikuko Kondearekin hitzarmena sinatu ostean, eta orduz geroztik ia 800 lagunek bisitatu dute. «Bisita horrek Mutrikuk itsasoarekin historian zehar izan duen harreman estua ezagutzeko balio du, belaunaldiz belaunaldi jauregian bizi izan diren pertsonaia eta familia ezberdinen bitartez», diote.
Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuen erreserba Geoparkearen web orrian egin daiteke.
Arrietakuarena ez da Debabarrenak Fiturren egindako aurkezpen bakarra izan; Geoparkeak Unescoren Munduko Geoparkeen geoturismo esperientzien aldizkari berria ere eman zuen ezagutzera atzo [urtarrilak 23].
Debabarreneko ordezkaritza atzo abiatu zen Madrilera: Pedro Bengoetxea eta Jose Angel Lizardi Debako eta Mutrikuko alkateak, Ion Gambra Mutrikuko zinegotzia, Jose Luis Araujo Ermuko zinegotzia, Jasone Galdona eta Marta Amonarriz Debako eta Mutrikuko turismo arduradunak, Leire Barriuso Geoparkeko gerentea, Juan Angel Balbas Debegesako zuzendari nagusia eta Aitziber Cortazar garapen agentziako turismo arduraduna daude bertan.