Jose Pablo Arriaga: "Ezin dut taillagintza bukatutzat eman; nahiago dut ‘gero arte’ esan"
Aitonak duela 85 urte sortutako tailla lantegia du lantoki Jose Pablo Arriagak (Markina-Xemein, 1969); aitak ere taillaz jantzitako kutxak egiten zituen leku bera. Taillagintzaren gainbeherak langintza hori uztera behartu du familia.
Aitonak duela 85 urte sortutako tailla lantegia du lantoki Jose Pablo Arriagak (Markina-Xemein, 1969); aitak ere taillaz jantzitako kutxak egiten zituen leku bera. Taillagintzaren gainbeherak langintza hori uztera behartu du familia. Agur esateak min ematen dio, ordea, eskultura garaikidean murgilduta dabilen artistari, eta «gero arte» esateko erakusketa berezia egin du. Familiaren lantoki historikoan egin duen erakusketa bakarra da. Otsailaren lehen astera arte edukiko du zabalik.
Garai aldaketa dator zure familiara. Belaunaldiz belaunaldi egin duzuen tailla lana amaitutzat eman duzue.
Guk beti eduki dugu ardura bat gure familiaren negozioarekin jarraitzeko. Nire aitonarengandik dator tailla lantegia, nire aitak jarraitu zuen, eta bidea jarraitzeko asmotan joan nintzen ni Eskoziara Arte Ederrak ikastera. Etxera bueltatu nintzenean, bi gauza egiten nituen: altzari eta eskultura garaikidea batetik, eta, bestetik, aitari laguntzeko kutxak, berak egiten zituen kutxa berdinak. Anaia txikia kutxak egiteko prestatu zen. Orain dela 500 urte bezala, erreminta berdinekin egiten zituen kutxak, eskuz. Baina merkatua aldatuz joan da: lehenago ondo saltzen zena ez da saltzen. Nik beste bide batetik jarraitu nuen, garaikidetik, baina anaia geratu zen tradiziozko lanarekin ezin aurrera egin. Azkenean, beste lan bat aurkitu du. Zaborrekin lotutako leku batera joan da lanera. Eta erabaki dut amaiera polit, jator bat ematea.
Zer da amaiera polit bat?
Batzuek, jaka bat dutenean luzaro erabiliko ez dutena, hutsezko poltsa batean sartu, xurgagailuarekin airez hustu, eta gorde egiten dute, hezetasunak kalterik ez egiteko. Hemen egin duguna da anaiak landutako kutxa frenteak plastikoetan batu, eta hutsean, presiopean mantendu. Orduan, barruan dauden tailu guztiak agertu egiten dira, eta piezak bere nortasuna erakusten du. Piezak esaten du: «Begira, niri ez dit inporta egurraren, larruaren, burdinaren imitazioak jartzea, koloreak ematea. Ez zait inporta. Poltsa batek estaltzen nau, baina nik erakutsiko dut nor naizen. Nahi baduzue gorde, eta denbora bat barru zabaldu, eta agertuko naiz berriro».
“Artisautza azokak poltsiko errazetarako egiten dira; hara doanak ez du erosiko mahairik, armairurik edo kutxarik”
«Gero arte» esan nahi duzu horrekin?
Gero arte da gehienbat, bai. Ez da agur bat; gero arte da.
Horrek esan nahi du taillagintzara itzuliko zareten esperantza duzula?
Ez dut uste, baina ezin dut taillagintza bukatutzat eman; nahiago dut gero arte esan.
Erabaki gogorra izango zen familiarentzat…
Bai, tristea da. Horregatik ez ditugu erre pieza hauek; estali egin ditugu. Poltsa batean sartu ditugu, eta ez dakit zenbat denbora egongo diren horrela. Hamabost piezak osatzen dute, eta ez ditut horrelako pieza gehiago egingo. Beste bilduma Zamarontziak da. Nire anaiaren moduan pentsatzen dutenentzako omenaldi bat da.
Zer zentzutan?
Adibidez, hutsean dauden piezek ez dute nahi gehiago jarraitu; esaten dute: «Niri jarri poltsa bat eta egin nahi duzuena, baina ni utzi lasai». Baina besteak, zamarrontziak direnak, zaborrarentzako lanean daude, zaborra gordetzeko ontziak direlako. Horiek diote: «Niri ez zait inporta zertan lan egin, baina horrela egon behar badut, egongo naiz; behintzat bistan egongo naiz». Hori da beste era batera aurre egitea bizitzari.
Eskulan tradizionalaren gainbeheraren adibidea da zuena?
Hori da. Oso gutxi bizi dira kutxak egiteaz. Jendeak bere lanpostua du, eta momentu libreetan egin ditu kutxak; baina hortik oso jende gutxi bizi izan da Euskal Herrian, eta orain daudenak egoera oso txarrean daude. Gizartea aldatu egiten da, eta orduan egin behar duguna da gu aldatu, edo, bestela, kontzientziatu beste era batean; eta hori oso zaila da.
Beraz, ez duzu ikusten horri aurre egiteko biderik?
Heziketa falta dago. Adibidez, oso harro gaude euskara delako Europako hizkuntzarik zaharrenetarikoa, eta nahi izan dugu euskara mantendu; horretarako apustu sendoa egin da. Baina artisautzan ez da ezer egin, eta desagertzen ari da. Euskal Herriko kutxa desagertzen ari da, eta tristea da, zeren munduan egon diren beste kutxen desberdina da: taillak ditu, sinbologia, hil harrietan erabili direnen antzekoak, kristautasunaren aurrekoak. Eta sinboloak oso garrantzitsuak izan dira euskaldunentzat, izaerarentzat. Baina inork ez du apusturik egin sinbologia hori mantentzeko.
Erabat galduko den beldur zara?
Guztiz galduko da, hori seguru. Hemendik ez dakit zenbat denborara edukiko ditugu kutxa batzuk beste material batzuekin eginda, ez dakit nondik ekarrita. Baina Euskal Herrian ez dira izango kutxak.
Plastikozko gizarte batera goaz?
Aspalditik. Plastikoz egindako imitazioekin bizi gara. Oraindik egurra erabiltzen da, baina beste piezek, merkeagoak direla eta, indar handiagoa hartuko dute.
Merkatura egokitzen saiatzea besterik ez dago, beraz?
Bai. Euskal Herrian egiten diren artisautza azokei begiratzea besterik ez dago. Gehienbat Gabonetarako azokak izaten dira, opari bat egitera begirakoak. Durangokoa, adibidez, liburu azokarekin batera egiten da, eta bertara doanak diru zorro bat, zapi bat edo zeramikazko zerbait erosiko du gehienez. Euskal Herriko artisautza azokak poltsiko errazetara begirako azokak dira. Badaude benetako artisau oso onak, baina ez daukate erakusleihorik, eta azoketara doazenek ez dute armairurik, mahairik edo kutxarik erosiko.