Aitor Altzaa eta 'Deffyn' zaldia, Nareako San Bizente jaietako zaldi demaren irabazleak
Eguraldia aldeko eduki dute Aulestin, eta urtero legez umeen jolasekin, zaldi demagaz eta karta jokoagaz ospatu dituzte San Bizente jaiak.

Mezaren ostean hasi da auzoa jendez betetzen. Eta ekintzak egiten lehenengoak ume eta gazteak izan dira, nagusiek zero edo zer jan eta edaten zuten bitartean. Urtero egin modura hiruzpalau jolasetan jolastu eta gero, zaldi demaren txana izan da.
Aurreko egunetan egindako euriagatik eta hezetasunagatik, behegaina labankor zegoen, eta zaldiek behin baino gehiagotan irrist egin dute. 20 minututan zeinek untza gehien egin zen proba. Iñaki Urberuaga eta Ibekohondo zaldia izan dira lehenak lehiatzen; Ibekohondo-k 66 untza eta 23,90 metro egin ditu. Aitor Alzaa eta Deffyn plazaratu dira gero; Deffyn-ek 69 untza eta 3,49 metro egin ditu, eta dema irabazi du. Bittor Arrate Nareako Jai Batzordeko kideak eman dio manta Alzaaren senideei.
Bazkaltzeko tartea egin eta gero, arratsaldean Mus eta Briska Txapelketen txanda izan da. Mus Txapelketa Gizaburuagako Kaltzak eta Ispasterko Manuk osatutako bikoteak irabazi zuen, eta Briska Txapelketa Aulestiko Antonik eta Ziortza-Bolibarko Javier eta Felik.
Auzotarrek jaien balorazio positiboa egin dute. “Giro ederrean igaro zen jaia. Orain, datorren urtekoekin pentsatzen hasi beharko gara”.

















































