Andoni Aretxabaleta eta Unai Laso: "Momentu baten ere ez gara jokoan sartu; ez da gozoa izan"
EPELen Binakako Txapelketako partida jokatu dute gaur, Uni pilotalekuan. Artolak eta Mariezkurrena II.ak nagusitasun osoz irabazi diote Laso eta Aretxabaletari (22-11). Aukera gutxi eduki dituztela esan dute bai Lasok eta baita Aretxabaletak ere.

Artola eta Mariezkurrena II. izan dira hasiera-hasieratik aurretik joan direnak. Eta momenturen batean Laso eta Aretxabaleta gerturatu badira ere (6-5)), urdinek ezin izan dituzte tantoak kateatu. Artolak eta Mariezkurrenak, berriz, hamar tanto egin dituzte jarrain, markagailuan 16-5ekoa jartzeraino. Partida irabazita, eta jokatzeke dauden lau jardunaldien faltan, Markina-Xemeinen lortutako garaipenak laugarren postuan egonkortzeko balioko die Mariezkurrena eta Artolari (6 puntu dituzte).
Partidu ona ez egin arren, tanto eder bat baino gehiago egin ditu bikote urdinak. 16-6koa egin du Lasok ezker gantxoz; txapa gain-gainean utzi du pilota, eta zaleek txaloz erantzun dute. 17-7koa Aretxabaletaren eskutik etorri da; eskuin boleaz lortu du tantoa herriko atzelariak.
Oro har, burumakur amaitu dute Aretxabaletak eta Lasok partida. “Ez naiz bat ere gustura geratu. Gaurkoa egun txarra izan da, bai nire aldetik eta baita ere Unairen aldetik”. Momentu batean ere ez direla partiduan sartu esan dute. “Jonek (Mariezkurrena II) asko gozatu du pilota, eta guk ez dugu eman behar genuen maila eman”, esan du Aretxabaletak. “Ez da gozoa norbere herrian horrela jokatzea”.
Andoni Aretxabaleta: “Jokatzen dudan bakoitzean Markina-Xemeinek erantzun egiten du, eta esker oneko berbak baino ez ditut”
Jokoa ondo joan ez bada ere, poztasun momenturik ere eduki du Aretxabaletak. Izan ere, beste urte batez bere herriko frontoia jendez beteta ikustea pozgarria dela esan du. “Giroa ona izan da, eta alde horretatik pozik nago; pozgarria da urtean behin bada ere Uni pilotalekua horrela ikustea. Jokatzen dudan bakoitzean Markina-Xemeinek erantzun egiten du, eta esker oneko berbak baino ez ditut. Dena den, gu burumakur gaude, ikusleei ezin izan diegulako guk nahi genuen erantzuna eman”.
Aretxabaletaren antzerako balorazioa egin du Lasok ere. “Partida txarra egin dugu, ez gara jokoan sartu. Niri dagokidanez, akats asko egin ditut, eta ez dakit zer gertatu zaidan; burua ez neukan kantxan”. Saiakerak egiten ahalegindu bada ere, Mariezkurrenak pilotari asko eman diola berretsi du. “Iñakik ere ez du pilotarik huts egin. Aukera askorik ez digute utzi”.
Gaurkoak, baina, indarrak hartzeko balioko diela esan dute. “Orain jarraitu egin behar da”, esan du Lasok. Aretxak ere aurrera begira jarraitzen duela esan du. “Azkenaldian ez nabil ondo, baina bai, aurrera egin behar da”.
Promozio mailako partida. 11-22 emaitzagaz, P. Etxebarriak (urdin) eta Garmendiak eskuratu dute promozio mailako finalerako txartela. Hasierako tantoetan markagailua nahikoa berdinduta joan bada ere, Agirrek eta Salaberrik (gorriz) ezin izan dute beraien jokoa egin 8. tantotik aurrera. Dena dela, emozioz betetako partidua izan da, tanto luzeak egin dituzte, eta pilotariek dena eman dute.















