"Herrigintza oinarri", Lea-Artibaiko EAJren alkategaiek diote herritik eta herriarentzat lan egingo dutela
Lea-Artibaiko herrietan zerrendak aurkeztuko dituzten herrietako alkategai guztiak eta zerrendakide batzuk egon dira Kontzekupean egindako aurkezpenean. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentea eduki dituzte alboan.

Atutxa izan da hasiera batean aurkezpena egin duena. “Guretzat egun alaia da gaurkoa. Beste behin ere Markina-Xemeinen gaude, Lea-Artibaiko alkategaiak aurkezteko. Aurten, gainera, aurpegi berriekin gatoz, euren herrietan ezagunak diren aurpegiekin”. Luis Egurrola Markina-Xemeingo EAJren alkategaia aurkeztu du lehendabizi, ostean aurkeztu ditu Koldo Goitia (Lekeitio), Jesus Iriondo (Etxebarria) eta Garbiñe Saenz de Buruaga (Ispaster). Eurekin batera egon da Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia ere. Eta lehen lerroan egon ez badira ere, Lea-Artibaiko gainerako EAJko kideak bai eta alkategaiak ere han egon dira: Maria Dolores Etxano (Ondarroa), Javier Artaetxebarria (Munitibar), Iratxe Pikaza (Ziortza-Bolibar), Rafa Kareaga (Aulesti), Pedro Zenigaonaindia (Mendexa).
Herriko jendea, benetan herrian behar dena ezagutzen dutenak dira. “Hori da EAJren funtsa, hori da gure oinarria. Ez da herri bat eraikitzen goitik hasita. EAJk herrigintza du oinarri“. Bizkaia herrietatik indartuko dutela dio Atutxak. “Nazio bat gara herri bakoitzean lan egiten duzuelako, zuen herritarren ardura hartzen duzuelako. Eta horren denaren goiburu dira zerbitzu publikoak. Horrek egiten gaitu ezberdin ere EAJko gizon-emakumeak”.

Jesus Iriondo
JESUS IRIONDO: “Datozen lau urteetarako bi proiektu nabarmendu ditugu: eskola berri bat lortzea eta saihesbidea exekuzio fasera eramatea”
“Gu gaur hemen gaude Etxebarrirako proiektuz beteta gaudelako. Bi proiektu nabarmentzen ditugu: Jaurlaritzagaz eskuz esku lan eginez eskola berri bat lortzea eta Etxebarria eta Markina-Xemein arteko saihesbidea exekuzio fasera eramatea. Zergatik nahi dugu saihesbidea ahalik eta arinen exekuzio fasera eroan? Bada, gure eskualdean industriak garrantzia handia duelako, eta industria ondo joateko ezinbestekoa da errepide sarea hobetzea”.

Garbine Saenz de Buruaga
GARBIÑE SAENZ DE BURUAGA: “Duela lau urte aurkeztu genuen programako dena burutu dugu. Gure hitza beteko dugu. Eta orain ere hori egingo dugu”
“Bukatzen dagoen legealdirako proiektu interesgarriz betetako programa aurkeztu genuen. Eta esan behar dut programa hartako gauza guztiak bete egin ditugula. Programa osotasunean burututa dago. Emandako hitza bete egin dugu. Eta oraingo honetan ere proiektu garrantzitsuak proposatuko ditugu: eskola, auzoetako bideak, Basokoetxe industrialdea elkarlanean garatu, eta beste hainbat ekimen. Gu aukeratzen gaituenak gauza bat eduki behar du argi: guk hitza bete dugula. Lan eginez bete dugu hitza, hori baita guk gauzak egiteko daukagun modua. Eta hori da baita ere datozen lau urteetarako ere proposatzen duguna: lana eginez, urtez urte, proiektuak egikaritzea”.

Koldo Goitia
KOLDO GOITIA: “Azken zortzi urteetan Lekeition argi ikusi da herri baten agintean egoteko bi eredu daudela. Eta argi dago EAJren ereduak funtzionatu duela”
“Azken lau urteetan ekinean ibili gara herritarrei egindako proposamenak beteteko. Eta emaitzak hor daude. Proposatutako hamar puntuetatik hamarrak bete ditugu. San Andres auzoa, San Juan ingurua, Santa Katalina pasealekua, Mendieta ontziolagaz ere hor gabiltza, eskoletako eta kiroldegiko inbertsioak, Arropaineko espaloia, eta abar. Baina hasi gara datozen lau urteetara ere begira. 2025ean Lekeitiok 700 urte beteko ditu, eta gu hara begira ari gara lanean. Horri lotuta, proposamen ezberdinak egingo ditugu datozen urteerako. Adibidez: ortu inguru guztiak eraberritu, etxebizitza sozialak egin edo behintza mugitzen hasi, Maderas de Lekeitio ere hor daukagu… Azken zortzi urteetan Lekeition argi ikusi da bi eredu daudela: beste alderdiarena (2011-2015 agintaldia) eta EAJrena (2015-2019 agintaldia). Argi dago zeinek funtzionatu duen: EAJrenak”.

Luis Egurrola
LUIS EGURROLA: “Nik gauzak beste modu batera egin nahi ditut. Herritarren ondoan, Markina-Xemein denon artean eraikitzeko proposamena egiten dizuet”
“Gehienok ezagutzen nauzuela uste dut, batez ere herriarekin eta herrigintzarekin eduki dudan konpromisoagatik. Orain, konpromiso hori aurrera eramateko aukera emateko eskatuko dizuet. Horrekin batera dator, erronka hau aurrera eramateko daukadan ekiteko gogoagaz. Azken zortzi urteetan udalean egon direnen aurka gauza asko esan ahal ditut, baina ez dut hori egingo. Gauza batzuk oso txarto egin dituzte, eta herritarrak haserretu egin dira. Beste gauza batzuk ondo egin dituzte. Adibidez, EAJ agintean egon zen garaian egindako Zelaibarriko proiektua aurrera ateratzea. Nik gauzak beste modu batera egin nahi ditut, beste proiektu bat eskaini nahi dizuet. Herritarren ondoan egongo naiz, haien proposamenak entzun eta aurrera eramango ditugu. Ilusioa badaukagu, gogoa ere ez zaigu falta, eta proiektuak ere baditugu: Etxebarri eta Markina-Xemein arteko saihesbidea eta kultur areto berri baten proiektua. Markina-Xemein denontzako, hori da gure leloa, herri hau guztion artean eraiki behar dugulako”.

Unai Rementeria
UNAI REMENTERIA: “Daukaguna balioan jarri, eta Bizkai hobeagoa bat guztion artean egin behar dugu”
“Lea-Artibaiko EAJren alkategaiak eta zerrendakideak ikusten zaituztedanean, niri sekulako lasaitasuna sartzen zait. Argi uzten didazue esku onetan gaudela, eta zuek hain gogotsu ikusteak niri ilusioa pizten dit. Beraz, eskerrik asko guztioi emandako aurrerapapusoagatik eta hartutako konpromisoagatik. Nik galdera bat proposatu nahi dizuet: Inork aldatuko luke Bizkaia beste leku batera bizitzen joateko? Alderaketak egitea ez zait gustatzen, baina hausnarketa hori egin egin behar dugu. Beste herri batzuk nola dauden ikusten dugunean, konturatzen gara nola bizi garen berton, zer daukagun… EAJtik gogor lan egin du gaur egun daukaguna edukitzeko, eta hori kontuan eduki behar da. Hobetu dugu hezkuntzan, gizarte laguntzan, euskaran, kirolean, kulturan, osasunean, zerbitzuetan… Gizarte bateratu bat osatzen dugu. Guztiok erabiltzen ditugu, berdin-berdin, ditugun zerbitzu guztiak, eta horrek batu egiten gaitu. Arazoak, leku guztietan bezala, baditugun arren, ez dezagun ahaztu zer daukagun. Duela 10 urte baino hobeto gaude: 25.000 langabetu gutxiago ditugu, azken urte eta erdian 31 enpresa berri sortu dira Bizkaian, 400 milioi euro gehiago ditugu aurrekontu eta diru sarreretan…. Pilak kargatuta ditugu, proiektuak eta ideiak ditugu, eta gogotsu gaude. Beraz, goaz ba datozen belaunaldiei Bizkaia hobeago bat uztera. Bizkaia Goazen!“.

Itxaso Atutxa
ITXASO ATUTXA: “Gure lan taldea da gizartearen aurrean daukagun bermerik eta handiena”
Ekitaldiaren hasieran egin legez, amaieran ere Atutxak berba egin du. “Guk lanean jarraituko dugu, nahiz eta hauteskunde kapaina heldu. Eguneroko lanean sinisten dugulako, eta horregatik egin ditugu etxeko lanak ere lehenago. Lantalde sendoa daukagu, proiektuekin. Beste alderdi batzuk hor dabiltza, hautagaitza barik… Gu prest gaude”. Lea-Artibain erantzukizuna hartzeko alderdia EAJ dela gaineratu du. “Hitz ematen duguna bete egiten dugu, eta horregatik etortzen gara alai herrietara. Badakigu proiektu batzuk aurrera ateratzeko zailtasunak izango ditugula, baina herritarrei ere azalduko dizkiegu, eta egingo dugu”. Azkenik, herrietako eta aldundiko gobernua izango direla esan du. “Gure lan taldea da gizartearen aurrean daukagun bermerik eta handiena. Askorentzata alderdi zaharra gara, baina iturri berriak ere erakutsi du ur berria emateko gai dela”.