Galiziako Errege Zientzia Akademiaren saria jaso du Iker Badiola ondarrutarrak
Errekonozimenduaz gain, 6.000 euroko saria jaso du Zientzialari ondarrutarrak zuzendutako EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Signaling Lab ikerketa taldeko terapia esperimentalak.
Zientzialari ondarrutarrak aurreko eguenean [urtarrilak 23] jaso zuen saria Santiagon (Galizia), Santiago de Compostela Unibertsitateko kideekin batera. Bi taldeek elkarlanean egin duten lanak Galiziako Errege Zientzia Akademiaren urteko zientzia lanik onenanaren saria jaso dute, hain zuzen. Errekonozimenduaz gain, 6.000 euroko saria jaso du taldeak. Egun berean, gainera, Espainiako Farmakologia Elkartearen saria ere jaso zuen taldeak.
Zientzialari ondarrutarrak zuzendutako EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Signaling Lab ikerketa taldeko eta Santiago de Compostela Unibertsitateko Farmakologia, Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Saileko ikertzaileek parte hartu duten terapia esperimental baten bidez, koloneko minbiziak eragindako gibeleko metastasia %80 murriztea lortu dute. Terapia hori zortzi urteko lanaren emaitza da.
Lana bi unibertsitateko ikertzaileek zuzendu badute ere, beste zentro batzuen laguntza ere jaso dute. Besteak beste, Biodonostia institutuarena, Dusseldorfeko Unibertsitatearena, Bordeleko Unibertsitatearena eta EHUko Sgiker Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrena.