Egunotan hasiko dituzte Mutriku eta Deba lotzen dituen errepideko lanak
Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, aste honen bukaera aldera edo hurrengoaren hasieran hasiko dituzte Mutriku eta Deba lotzen dituen GI-638 errepidea hobetzeko lanak.
Lanak aurreikusitakoa baino ia hilabete beranduago hasiko dituzte. “Aurreko barikuan Gipuzkoako Bide Azpiegitura sailak adierazi zigunaren arabera, lanak egin beharreko izapide guztiak burutu ondoren hasiko dira”, agertu du Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak.
GI-638 errepideari dagokionez, hurrengo bi hilabete eta erdi inguruan zabalik egongo da. Denbora tartea horretan, errepidearen bideren bat itxita egon litekeela aurreikusten dute; semaforo bidez bideratuko dute zirkulazioa. Apirila aldera, ordea, bidea erabat itxiko dute. “Sei bat hilabetez guztiz moztuko dela aurreikusten da”. Denbora tarte horretan, Galbaixoko errepidea erabili beharko dute Mutrikutik Deba aldera joan nahi dutenek.
Bestalde, Mutriku eta Sasiola lotzen dituen GI-3230 errepidean egokitzeko lanek aurrera jarraitzen dutela gaineratu dute, “ordezko bide bezala erabili ahal izateko”.
Udal iturriek azpimarratu dutenez, herritarrak jakinaren gainean jarriko dituzte edozein aldaketa edo berri egongo balitz. “Aldundiak, era berean, etxeetara eskuorriak bidaliko ditu, Mutriku eta Debako biztanleak lan hauei buruz informatuak egon daitezen”.