Munitibarko araztegia eraikitzeko lanak egiten ari dira
Urte amaierarako lanak amaitzea aurreikusi du Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak. 2.388.813,48 euroko aurrekontua dute.
Udalerriko saneamendua egokitzeko Hondakin Uraren Araztegia eraikitzen hasi ziren iazko irailean, eta urte honen amaierarako amaituko dituzte aurreikusi dute (hasieran, 2019ko udan martxan egotea izan zen partzuergoaren helburua).
Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak 2.388.813,48 euroko (BEZik gabe) aurrekontuagaz esleitu zuen obra. Proiektua egin eta izapide administratiboak pasatu ostean, hamalau hilabeteko epean burutuko dituzte lanak. Ondoren, ohikoa den legez, probaldia egingo dute. Hau da, hiru hilabete izango dituzte zerbitzua martxan ondo jarriko dutela ziurtatzeko. Beraz, dena aurreikusitako epean betez gero, datorren urte hasieran jarriko lukete martxan.
Araztegiak gaur egun indarrean dauden ur isurketen baldintza teknikoak zein ingurumen arlokoak beteko ditu. Ur Hondakinen Ponpatze-Estazio egingo dute, eta ura handik bideratuko dute araztegira, tratamendu egokia eman ahal izateko. Hain zuzen, ur hondakinak araztegira heltzean, material mardulenak kentzeko aurre-tratamendua egin ostean, tratamendu biologikoa jasoko dute: “Etapa bikoitzeko bi biodisko eta birzirkulazio sistemaren tratamendua izango du araztegiak”. Horrela Lea ibaira ur garbia ailegatuko dela bermatuko dute.
Halaber, araztegiaren instalazioak eraikin itxi batean egongo dira; 24,m x 12,7m edukierako eraikina izango da, egurrezko itxituragaz. Eta usain-kentze sistema izango du. Ekipamendu elektrikoa eta urruneko kontrola edukiko ditu.
Izan ere, egungo kolektore sareak putzu septiko bakarrera bideratzen du ura, eta haren arazte gaitasuna urria da. Hortaz, Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoaren arduradunen berbetan, Munitibarko saneamendua egokitzeko Hondakin Uraren Araztegia eraikitzea eta hari kolektore nagusia gehitzea “ezinbestekoa” da. Azaldu dutenez, gaur gaurkoz, batez besteko emaria 1,49 litro/segundokoa da (eguneko 130 metro kubo), eta aipatui lanen ostean, 1,89 litro/segundokoa (eguneko 165 metro kubo) izatea aurreikusi dute.
Azpiegitura honek Munitibar, Gerrika, Gerrikaitz eta Totorikako biztanleei emango die zerbitzua; gutxi gorabehera 400 bat biztanleren ur zikinak hartuko ditu.