Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko abestia sortu dute
Urteurren berezia aitzakia hartuta, urte osoan egingo dituzte jarduerei doinua ipintzea erabaki dute Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolakek. Abestiaz gain, bideoklipa ere egin dute.
Ikastolak musika propioarekin ospatuko du 50. urteurrena; Izarrak olatutan dantzan abestia da horren emaitza. Axular eta Garoa Arizmendi musikariek sortu du kantuaren doinua, eta hitzak sortzeaz, berriz, Iñigo Arrizabalaga Roko bertsolari mutrikuarra arduratu da.
Urteurren berezia aitzakia hartuta, urte osoan egingo dituzte jarduerei doinua ipintzea erabaki zuten Goizeko Izarra ikastolako arduradunek, eta Garoa Arizmendirengana jo zuten laguntza eske. Kantuaren doinua Garoa taldearen bigarren diska grabatzen jaio zela aitortu du Arizmendik. “Nire taldeko kantu bat zen, baina ez zen azkenean diskarako grabatu. Oinarria edukita, ikastolako kantua egiteko aprobetxatzea erabaki genuen. Alde instrumentala egina genuen, doinua berriz, Axularrek eta biok ipini diogu”.
Arizmendik kantuaren leloa Izarrak olatutan dantzan izan behar zuela argi zuen, eta Mutrikun bertsolari asko daudela jakinik, Iñigo Arrizabalagarengana jo zuen urteurrena ospatzeko abestia egiteko.
Behin abestia sortuta edukita, Mutrikuko AME estudioetan grabatu zuten abenduaren hasieran, Axular Arizmendiren zuzendaritzapean. Ikastolako eta herriko hainbat artistek egin dute bat egitasmoarekin; ikastolako hainbat ikasleren ahotsak batu dituzte kantuan eta eurekin batera aritu dira Andoni Basterretxea Delirium Tremensko abeslaria, Aitzol Urkiza, Aitzol Collazo, Iñigo Gorrotxategi, Oihane Prieto edo Garoa Arizmendi bera.
Lana bistaratzeko, gainera, bideoklipa ere egin dute. Ikus-entzunezkoaren ardura Eneko Elezgarai (Akelarre ikus-entzunezkoak) sortzaile mutrikuarrak eduki du.