Ondarroako udal zerbitzu orokorren eraikina berritzen hasi dira
Filtrazioak kentzeko ari dira berritzen eraikinaren aurrealdea. Udalak herrian egiten ari diren berritze lanekin lotu ditu lanak.
Aldamioak aurreko aste amaieran ipini zituzten, eta udal iturriek adierazi dutenez, Musika Plaza azpian egiten ari diren lanek hamar bat asteko iraupena izango dute. “Lan hauen bitartez, udal zerbitzu orokorren eraikinaren aurrealdea berrituko da, instalazioak eraikinaren aurrealdetik kenduko dira eta argiteria berria jarriko da, LED argiekin”. Hain zuzen ere, eraikinaren aurrealde osoa eraberrituko dute, dauden filtrazioak kentzeko. Hormak zuriz margotuko dituzte, eta ateak, berriz, urdin ilunak izango dira.
Eneritz Basurko hirigintza zinegotziak herrian egiten ari diren berritze lanekin lotu ditu lanak. “Herriak berritu behar du, eta garbitasunaz gain, txukuntze orokor bat behar dute udal eraikinek. Eraikinaren aurrealdea garbiagoa izateak herriaren itxuran eragin positiboa izango duela uste dugu”.